Aurreko larunbatean bildu zen Astigarragako Udaleko plenoa, EAJ eta EH Bilduko ordezkariekin; ez zen bertan izan Mikel Duran, PSE-EEko zinegotzia.
Kontrako botorik gabe onartu zituzten puntu guztiak; tartean eta garrantzitsuena, Hiri hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantza aldatzea, San Marko Mankomunitatearekin akordioa sinatu ahal izateko. Eta behin hori onartzen denean, ezarriko da hondakinen bilketarako sistema berria, edukiontziena.
Plenoko aurreneko puntua izan zen, eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zuten. Izan ere, EH Bilduk aurkeztutako alegazioak onartu eta ordenantzan txertatu dituzte, horietako bi izan ezik: «eskatzen genuen ordenantzak jasotzea eta bermatzea auzo konposta, baina ez da horrela izan», azaldu zuen Andoni Gartziak, EH Bilduko bozeramaileak.
Alokairu sozialerako deialdian, zuzenketa
Bigarren puntuan, aho batez onartu zuten aldaketa bat egitea alokairu sozialerako etxebizitzen deialdian. Horrela, urtebeterako izango da alokairu kontratua, hiru urtera luzatzeko aukerarekin, eta gero Udalaren esku geratuko da etxebizitza. Gartziak galdetu zuen, ea aldaketarekin eskaera epea luzatuko ote zen, astelehen honetan amaitzen baitzen. Zorione Etxezarraga alkateordeak azaldu zuen ezetz, aldaketak ez zuela ekarriko jendeak orain apuntatu nahi izatea: «hala ere, epez kanpo norbait etorriko balitz horrelako kasu batekin, aztertuko genuke».
Jesus Mari Santos alkateak argitu zuen, zuzenketa egin dutela datozen deialdietan akatsik ez egoteko.
Ikertuko da Udalarenak diren edo ez: Oialumetik Olabide eta Lagatxagara doan bidea; Goikoetxea eta Bortoene baserrien ingurukoa; eta Landalurreko lursail bat».
Hainbat herri bide eta lursail, Udalarenak diren edo ez ikertuko dute
Hirugarren puntuan, onartu zuten espedientea martxan jartzea, usurpatuak izan diren herri bideak berreskuratzeko. Puntu horrekin lotuta zeuden hurrengo hirurak ere: ikertzea herri bide eta lursail batzuk, Udalarenak diren edo ez. «Ikerketa hasiko dugu, artxiboetan begiratuz, jendeari galdetuz...», azaldu zuen Etxezarragak.
Hiru eremu ezberdin dira ikertuko dituztenak. Aurrenekoa da, Oialume bidetik Olabide eta Lagatxaga baserrietara doan bidea, eta puntu hori lantzeko momentuan, pleno aretotik atera zen Santos alkatea, horretan parte ez hartzeko.
Beste biak dira, Goikoetxea eta Bortoene baserrien inguruko bidea; eta Landalurreko katastroko seigarren poligonoko 145 partzela. Aho batez onartu zuten kasu guztiak ikertzea.
2017ko zerga fiskalak, aho batez onartuta
Eta plenoko azkeneko puntuan, 2017 urterako zerga fiskalei heldu zieten. Aho batez onartu zituzten, aurrez ogasun batzordean landu ondoren: «batzordean alde bozkatu genuen, eta printzipioz, ados gaude zerga fiskal horiekin», azaldu zuen Andoni Gartziak.
Andoni Gartzia: «beste behin, ez duzue bete partehartze ordenantzak dioena»
Galdera eta erreguei heldu zieten plenoa bukatzeko, eta hainbat gai jarri zituen mahai gainean EH Bilduko bozeramaileak: «komentatu genuen gaizki hasi zela aurrekontu partehartzaileen prozesua, ez zelako partehartze ordenantza bete. Gero, epeekin nahastea izan zen, eta errua bota zenioten elkarri. Eta orain, beste behin ez duzue bete ordenantza; batzorde bat egin behar zen herritarrekin, baina ez da egingo. Gauza asko daude oso garbi ez daudenak eta informazio gutxirekin, eta zuzenean bozkatu egin behar dute herritarrek», kexatu zen Gartzia.
Bestalde, kritikatu zuen berdintasunezko hizkuntzaren irizpideak ez direla bete, kiroldegiko eskuorrietan (los usuarios, los socios). Eta autobusen gaia ere jarri zuen mahai gainean: «berdin jarraitzen dugu. Diputatuak, zuei oso atsegina iruditu zitzaizuen horrek, konpromiso batzuk hartu zituen, baina ez ditu bete. Egun berezietan zerbitzu gehigarriak jarriko zirela esan zuen, baina estropadak eta Euskal Jaiak izan dira, eta ez da horrelakorik izan».
Andoni Gartzia: «autobusen gaiarekin berdin jarraitzen dugu. Diputatuak konpromiso batzuk hartu zituen, baina ez ditu bete».
«Mugikortasun Astearekin, inprobisazio hutsez ari zarete berriro ere»
Mugikortasun Asteari ere heldu zion EH Bilduko bozeramaileak, plenoan: «datorren astean (aste honetaz ari zen) izango da Mugikortasun Astea Europan, baina oraindik ez dakigu zerbait antolatuko ote den Astigarragan...». Etxezarragak erantzun zion, ekimen batzuk bazeudela martxan, Herri Eskolan adibidez, «eta proposamenak badaude, patinetan ibilbide bat egiteko, besteak beste; hitz eginda daude, baina konfirmatu gabe».
«Baina paperean ez dago ezer», kexatu zen Gartzia: «beste behin, inprobisazio hutsez ari zarete. Ostegunean hasiko da Mugikortasun Astea, eta ez daukazue ezer. Aurreko urtean guk abixatu behar izan genizuen, eta aurten horrela gaude...».