Ugaldetxoko frontoia eta Pikoagara bidea, berrituta

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 17a, 02:00

Ugaldetxo inguruan, zenbait berrikuntza lan egiten ari da Ereñotzuko Auzo Udala. Dago­eneko bukatu ditu frontoia berritzeko lanak, eta orain, Ugaldetxo jatetxearen ondotik Pikoaga Etxeberri baserrira doan herri bidearen zenbait zati konpontzen ari da.

Frontoia berritzeko, 11.811,29 euroko inbertsioa
2014an sinatu zuen hitzarmena Auzo Udalak, Ugaldetxoko frontoiaren jabeekin, erabilera publikokoa izateko; eta trukean, bere gain hartu zuen Auzo Udalak mantenimendua.
«Azken txukuntze lanak as­paldi egin ziren, auzolanean, eta frontoiak behar beharrezkoak zituen hainbat berritze lan, segurtasun aldetik eta irudi aldetik», azaldu du Auzo Udalak. Horregatik, 11.811,29 euroko inbertsioa egin du.

Atzeko pareta eta bazterreko koxka, berriak
Horrekin, lau lan ezberdin egin dituzte. Batetik, frontoia eta errepidea bereizten dituen koxka (eserleku funtzioa ere ba­duena) bota dute, egoera txarrean zegoelako, eta berria egin. Bota egin dute atzeko pareta ere, «erortzeko zorian» zegoena, eta berria eraiki dute. Kendu egin dute atzeko pareta horri itsatsita zegoen platanondoa ere: «pareta erortzeko arriskua haunditzen zuen, eta kendu egin dugu berria egin ahal izateko. Bere zailtasuna izan du kentzeak, haundia zelako eta bere adarren artetik zenbait argindar eta telefono linea pasatzen zirelako».
Frontoiaren aurreko eta alboko paretak ere txukundu eta margotu dituzte, koxka eta zuloak berdinduta. Eta azkenik, goiko sarearen zuloak konpondu dituzte, eta anklajeak ziurtatu.

Herri bideak konpontzea, Auzo Udalaren lehentasuna
Bi urtetan zehar, zenbait herri bide konpontzeko asmoa dau­ka Auzo Udalak: «baserri eta etxeetara doazen auzoko zenbait bideren egoera ez da oso egokia, eta bere inbertsio ataletik, lehentasuna gai honi ema­tea erabaki zuen Auzo Udaleko taldeak», azaldu dute.
Horretarako, elkarlana si­na­­­tu du Hernaniko Udalarekin, eta bakoitzak, herri bide ba­tzuen konponketa hartuko du bere gain. Auzo Udalak, bere zatia egiteko, inber­tsioetarako partidaz gain, 35.000 euroko diru­laguntza bat ere izango du, Aldun­diaren Ekonomia, Sus­­ta­pe­na, Landa ingurunea eta Lu­rralde Orekarako sailetik.

70.032,76 euro, Pikoagara doan bidea berritzeko
Herri bide horien artean dago, Ugaldetxo jatetxearen ondotik abiatu eta Pikoaga Etxeberri eta Aparrain baserrietara doa­na: «ez da trafiko haundiko bidea, baina baso ustiaketen ondorioz, zoladura erabat txikituta eta deformatuta geratu da. Bertako auzotarrek zailtasun haundiak dituzte, ibilgailu normalekin etxeetako joan-etorriak egiteko; horrez gain, mendiko txirrindulari asko ibiltzen dira, eta haientzat ere arriskutsua da», azaldu du Auzo Udalak.
Dagoeneko martxan dira lanak, eta bi hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute. Auzo Udalak 70.032,76 euroko inbertsioa egingo du, eta bi fa­setan burutuko dituzte lanak.
Aurreneko fasean, jatetxetik Aiako Harriko parkearen sarrerako bidegurutzera doan zatia konponduko dute. 240 metroko zatia da, eta bertan, lurra altxa, berdindu eta hormigoia botako dute. 45.624,64 euro erabiliko dira horretarako.
Eta bigarren fasean, bidegurutze horretatik Pikoaga Etxe­­berri baserrira doan zatiko lurra altxa, berdindu eta asfaltozko irrigazio hirukoi­tzez finkatuko da. Bigarren zati horretarako aurrekontua, 24.408,12 eurokoa da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!