Beldur Barik programak Hernanin aterrizatuko du aurten: EAEko instituzioek elkarlanean bultzatutako programa da, eta helburu du gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea. Hernanira ekarri dute Udalak, Berdintasun Kontseiluak, Bilgune Feministak, Sutu Hernanik, Ernaik, Liletak, Isladak eta parekideek. Beldur Barik programa gazteekin batera emango da aurrera, eta asmoa da beraiekin hausnarketa eta eztabaida prozesu bat sustatzea: «jendartearen eraldaketan lagundu nahi da. Hau da, Beldur Barik jarrera bultzatu nahi da».
Lehiaketa eta topaketa
Kronikara bidali duten prentsa oharrean azaldu dutenez, Beldur Barik programa hainbat baliabidez baliatzen da.
Batetik, Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketa: 12 eta 26 urte bitarteko gazteei dago zuzendua: «lehiaketaren helburua da ikus-entzunezko produkzioen bitartez erakustea neska eta mutilek nola erantzuten duten desberdintasun egoeren aurrean; eta baita ere, nola egiten dieten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei, Beldur Barik jarrerarekin». Lehiaketa irailaren 9an hasi zen, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 9ra arte izango dute beraien lana, ikus-entzunezkoa, beldurbarik.org webgunera bidaltzeko. Gogoratu dute, adin txikikoek baimena beharko dutela; izena ematerako garaian, bertan eskegita izango dute.
Bestetik, Beldur Barik topaketa antolatu dute. Bertan ezagutuko dira lehiaketako saridunak. Baina helburu nagusia izango da indarkeria sexistaren aurkako borrokan dabiltzan ekimen, talde eta pertsonak gerturatzea: «eta baita ere, topaketak gazteentzako gunea izan nahi du, indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko erabiltzen dituzten diskurtso eta jardunbideak balioetsi ditzaten». Topaketa Urdulizen izango da azaroaren 26an eta Hernanitik autobusa aterako da. Izena beldurbarik.org webgunean eman behar da; adin txikikoek baimena eraman beharko dute.
Hainbat ekintza, herrian
Gazteei parte hartzeko bidea errazteko asmoz, Beldur Barik programaren baitan hainbat ekitaldi izango dira herrian datozen asteetan. Urriaren 14an Bideo Foruma antolatu dute Gaztelekuan, 18:00etan hasita. Bideogintza tailerra ere izango da, urriaren 15ean eta 21ean; Biterin izango da, aurrenekoa 10:00-14:00 ordutegian; eta bigarrengoa 17:00-21:00 ordutegian. Itziar Bastarrika izango da irakaslea. Eta azkenik, urriaren 28an, Bideo Foruma eta Kafe Tertulia antolatu dituzte Gaztetxean, 18:30etan hasita.