Beste urtebetez, hemen da Hernaniko Xake Txapelketa herrikoia. Azken urteetan egin den moduan, Zumitzan jokatuko da, igandetan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Azaldu dutenez, txapelketan joko suitzarra erabiliko da; hau da, maila berekoek, puntu berdinak dituztenek, elkarren artean jokatuko dute. Guztira zazpi jardunaldi izango dira; zazpi partida. Egun hauetan jokatuko dira: urriaren 16, 23 eta 30ean; eta azaroaren 6, 13, 20 eta 27an.
Hainbat baldintza
Jokalari bakoitzak ordubeteko epea izango du partida jokatzeko. Eta elkarren aurka jokatuko duten bi jokalariak ados jarriz gero, astean zehar jokatzeko aukera izango dute; emaitza antolatzaileei jakinarazi beharko diete iganderako. Bestalde, jokalariek bi atseden hartzeko aukera izango dute. Atsedena aurreko astean eskatu beharko dute, igandea baino lehen, eta jokatu gabe geratzeagatik puntu erdia jasoko dute. Azken bi jardunaldietan ez dute atsedena hartzeko aukerarik izango.
Sariei dagokienean, hiru egongo dira aurten: aurrenekoarentzat, herriko onenarentzat eta adinaren arabera, onenarentzat.
Izen ematea, urriaren 12ra bitartean
Txapelketan parte hartu nahi dutenek urriaren 12ra arte dute izena emateko aukera Zumitza tabernan edo xakezumitza@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Azaldu dutenez, 5 euro, izena eta telefono/helbide elektronikoa eman behar dira; langabetuek, ikasleek, 18 urtetik beherakoek eta 65 urtetik gorakoek debalde izango dute izen emateko aukera.