Ikasturtea duela aste batzuk hasi zen, eta horrekin batera, Kutxa Ekoguneak ekin dio urtean zeharreko normaltasunari. Hau da, eskolei eta familiei ematen zaien zerbitzua eskaintzen.
Eskolak, 4 gaien inguruan
Bi publikoen bueltan antolatzen dute hezkuntza eskaintza: alde batetik, eskolak, Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arte; eta familiak, bestetik.
Eskolei dagokienean, berrikuntza potolo bat egin du Ekoguneak ikasturte honetako programan: «aurten arte baratza ekologikoa zen eskaintzaren ardatza. Orain, beste hiru gai ere landuko dira: ura, energia eta hizkuntza-ekologia», argitu du Maialen Sistiagak, Kutxa Ekogunearen hezkuntza arloko arduradunak.
Sistiagak azaltzen duenaren arabera, «gai estrakurrikularrak dira, baina kurrikulumean txertatuta daudenak, eta lotura zuzena daukate kurrilumarekin».
Gai horiek oinarri hartuta, guztiz praktikoak diren tailerrak egiten dituzte, ordubete inguru irauten dutenak: «Tailer bakoitzaren helburua da haurrengan aztarna bat uztea, eta etxera joatean pentsatzea: hau ez da jasangarria, zergatik egiten dugu?».
Hezkuntza arduradunak azaldu duenez, «eskolak normalean tailer pare bat egitera edo egun pasa etortzen dira», eta azken horiek, «motibatzen ditugu hondakinik gabeko janariak ekartzera: bazkaria tupperrean; iogurra beharrean, fruta... Dena dena, guk badaukagu jantokia, eta bertan janari ekologikoa eta bertakoa bazkaltzeko aukera ere eskaintzen dugu».
«Eskolak motibatzen ditugu hondakinik gabeko janariak ekartzera»
Familiak, asteburuetan
Familiei zuzendutako ekintzak egiten dituzte Ekogunean asteburu eta oporraldietan. «Familiekin lantzen diren gaiak aisialdiarekin zerikusia dute, gehiago», dio Maialen Sistiagak. «Guztiak daude pedagogia berdean oinarrituta, eta beraz, urtarora egokitzen diren ikastaro eta proposamenak bultzatzen ditugu».
Haur Parkea, ere bai
Tailer eta programa bereziez gain, Haur Parkea inauguratu zuen Ekoguneak 2015eko abenduan. Jolas librerako gunea da hau, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutakoa. Era berean, astean zehar eskolek, eta asteburuetan familiek gozatu dezakete Haur Parkeaz.