Urtebete beteko du azaroan Goizueta Informatzen udal aldizkariak, orduan argitaratu baitzuen Udalak aurreneko alea. Eta laugarrena kaleratu berri du irailaren bukaeran.
Aldizkariaren laugarren zenbakiak hainbat gai lantzen ditu 8 orrialdeetan zehar, baina, batez ere, Amabirjineko Fiestak ditu hizpide. Horrez gain, ikasturte berriko ikastaroak, herriko bidegorria, zubi haundiko obrak, eta datozen asteetako agenda ere aurkezten dizkie herritarrei.
Amabirjin Jaiek, tarte gehiena
Goizueta Informatzen aldizkariaren aurreneko orrialdeak, aurtengo fiesten ingurukoak dira. Hasteko, Jai Batzordeak Amabirjin Jaien inguruan egindako balorazioa azaltzen da. Bertan diotenaren arabera, nabarmendu dute «batzuentzako zezenen hutsunea haundia izan dela, bereziki Peñaren egunean». Bestalde diote, «aurten, egun bat gehiago izanik, gogotsu ekin zioten gazteek», eta «gazte asko hurbildu zen larunbata izanda».
Datorren ostiralera arte jarri dute epea fiesten inguruko galdetegia erantzuteko.
Ekintzei dagokienez, diotenez, «urteroko ekitaldiei begira, erantzun ona izan dute, eta parte hartzea ona izan da. Baina bereziki, ekintza berriek izan duten arrakasta aipatu zen».
Tabernarien aportazioa, kanpinean joaten diren gazteen zaborra eta larrialdietan inor atenditu ez izana ere aipatzen ditu Jai Batzordeak, bere balorazioan.
Balorazioaz gain, Fiestetako aurrekontua ere aurkezten dute. Guztira 34.952,98 eurokoa da gastua, zezenik gabe.
Azkenik, hurrengo urteko jaiak denen gustura antolatzeko asmoz, galdetegia erantsi dute aldizkariaren azkeneko bi orrialdeetan. Datorren ostiralera arte jarri dute epea galderak erantzuteko.
Negurako prest jarri ditu Udalak zubi haundiaren zutabeak.
Udalaren hainbat lan
Udala egiten ari den lanei ere tartea egin zaie udal aldizkariaren laugarren ale honetan. Alde batetik, epaia irabazi ondoren, Udalak herrian egin nahi den bidegorria egiteko baimena lortu duela azaltzen dute; eta bestetik, zubi haundian berritze-lanak egin direla, zubiaren zutabeak negurako prest utzi dituztela aipatzen dute. Azken honek 4.138,20 euroko kostua izan du.
Hainbat zita, datozen asteetan
Bukatzeko, datozen aste eta hilabeteetako zita bereziak zehazten ditu Udalak. Urriaren 25ean eta azaroaren 29an izanen dira Udalaren Ohiko Batzarrak; azaro kulturala ere hurbil da, eta azaroaren 26an eginen dute Feri eguna.