Ezohiko plenoan onartu zuen Udalak, aurreko larunbatean, San Marko Mankomunitatearekin hitzarmena sinatzea, eta hurrengo pausoen berri eman du Udal Gobernu Taldeak, prentsa ohar baten bitartez: «nahiz eta EH Bilduko zinegotziek kontra bozkatu, hiri hondakinen bilketa sistema aldatzeko hitzarmena onartu egin du plenoak, eta San Markok laster berretsiko du».
«Hilabete honetan zehar hasiko da edukiontziak jartzen San Marko».
Gobernu Taldeak jakinarazi du, lankidetza hitzarmen horren bitartez, Udalak San Markori esleitzen dizkiola «hiri hondakinen kudeaketa eta tratamendua». Eta modu berean, aurreratu du Mankomunitateak konpromisoa hartu duela, «hilabete honetan zehar edukiontziak jartzen hasteko, inongo kosturik gabe».
Horretarako azkeneko pausoa izango da, San Marko Mankomunitateko batzarrak berrestea hitzarmena.
«EH Bilduk berriz ere egin ditu ahaleginak, sistema aldaketa oztopatzeko»
Bestalde, EH Bilduren jarrera kritikatu du Udal Gobernuak: «plenoan kontrako bozka emanez, berriz ere egin ditu ahaleginak, sistema aldaketa oztopatzeko. Gure iritziz, EH Bilduko kideak atez atekoan daude oraindik ere, astigartarrek hiri hondakinen bilketaren inguruan egindako kontsultan edukiontzien bidez jasotzea erabaki arren».
«Bi puntu korapilatsuenak, ondo aztertuta dauzkagu»
Udal Gobernuak nabarmendu du, gainera, «ondo aztertuta» dauzkala, hitzarmeneko «bi puntu korapilatsuenak: Garbitaniako langileen subrogazioa eta sistema berriarekin lortu beharreko birziklatze tasak, hurrenez hurren». Horrela, hitzarmenak aurreikusten du «bilketa tasak mantentzea eta Europako araudia betetzea», azaldu dutenez.
«Gainera, San Markok aztertuko du Garbitaniako langileen subrogazioa, Bilduk aurreko legealdian egin ez zuena; Astigarragan atez atekoa jarri aurretik hondakinak jasotzen zituzten langileetaz, Bildukoak ez baitziren akordatu ere egin. Hortaz, ez dugu EH Bilduren ezezkoa ulertzen, bizilagunen erabakiaren kontra egiten baitu», adierazi du alkatetzak.