Urbasa-Andiako Parke Naturala; baso, kobazulo, urmael eta trikuharrien paraje

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 8a, 02:00

Urriaren 16rako pres­tatutako ibilbideak, ez du ematen, hasieran behintzat, sorpresa handirik gordetzen duenik, baina mendizale askok erdi ahaztua duten paraje honek ibilbide paregabeak eskaintzen ditu.

Mendizerra ezaguneko altxor ezezagunak
Nahiz eta gugandik gertu egon, Urbasa eta Andia mendizerrak ez dira oso ezagunak. Mendizale gehienok mendizerra horiek leku lau eta interesik gabekoak bezala hartzen ditugu. Nahiago izaten ditugu desnibel handiko eta aldapa go­gorreko gailurrak. Oker gau­de. Inguru honek mendia egiteko eta ibilbide desberdinak ezagutzeko aukera handiak eskaintzen ditu, pista eta bidezidor sare handia baitu, gehienak balizatutakoak. 
Tu­ris­mo aldetik ere leku aproposa da, alderdi guztietatik sarbidea baitu, eta inguruko he­rrietan ostatua lortzeko aukera desberdinak baitaude.

Paisaia ikusgarriak eta ondare aberatsa
Ibilbide honetan Urbasa-Andia Parke Naturalean murgilduko gara. Paraje zoragarri honek paisaia ikusgarriak ditu. Inguru hauetan soroak eta basoak ugariak dira, baita kobazuloak, leizeak eta harkaitz amildegiak ere. Hala ere, paisaia aldetik, ibilbidea bi zati handitan banatzen dela esan daiteke. Hasierako zatian belar lautadak izango dira nagusi. Azken partean berriz, basoa. Herrira jaisteko zatian pagadi zoragarri baten barrutik ibiliko gara.
Artzain kultura eta ondarea aberatsa da hemen ere. Antzinatik inguru hauetan errotuta dagoen kultura eta bizimodua da. Horren lekuko dira ibilbidean, nonahi, aurkituko ditugun monumentu megalitikoak.

Bukaeran, Lezaun; historiaurreko aztarnen lekuko
Ibilbidearen amaiera izango den Lezaun herria, Nafarro­a­ko erdialdean, Estellerrian, kokatua dagoen herrixka da. Inguru honetako herriak nahiz eta bide nagusietatik urruti ez egon, jende faltan dira eta bizirik mantentzeko ahalegin handiak egiten ari dira.
Lezaun eta inguruko he­rrien elementurik garran­tzitsuena dira, beraien kokapena eta inguruak dituen baliabide naturalak. Aipa­tzekoak dira ibiltarientzat aukera bikaina eskaintzen duten bertako pagadi fresko eta atseginak. Bestalde, ez dira ahaztu behar inguruko lurzoru karstikoak eskaintzen dituen paisaia eta haitzulo naturalak. Doloresen haitzuloa eta Cerro Viejo haitzuloak dira aipagarrienak. Azken ho­netan historiaurreko burdin eta zeramika aztarnak aurkitu ziren. Espeleologia gustuko duenarentzat aukera bikainak eskaintzen ditu eskualde honek. Urarekin lotuta, berriz, Erbiozko arroila, inguru hauetako urmaelak (San Kristobal, Oliturri, Balsa Berria, Otsazu­lo…) eta Ubagua ibaiaren iturburua aipatu behar dira.

Pareta, kontzejuen artean
Lezaun udalerriko terminoa, harriz egindako pareta batez dago inguratuta. Pareta hau inguruko udalerri eta kontzejuen arteko banaketa egiteko erabiltzen da. Bertako harriarekin aspaldian herriko biztanleek auzolanean eraikia da, eta noizbehinka konpondu egiten da. Ezaugarri hauek direla eta, oso elementu berezia da.

Ibilbide seinalizatua, Lizarragatik Lezaunera
Lizarraga mendatetik ekialdera irteten den pistari jarraitu behar zaio. San Donatora doan bidea da. Treku gailurraren parera iristerakoan, pista utzi, eskuinera biratu eta soroetatik gora egin behar da gailurrera igo arte.
Ondoren, gailurraren beste aldetik jaitsi behar da, txabola bat dagoen lekura iritsi arte. Bertan norabidez aldatu eta hego-ekialdera egin behar da. Illarrabeltz izeneko soro-eremu zabala zeharkatuko dugu. Zati honetan Ikomarko Sakana eta Izpia Iparra izeneko trikuharriak ikusteko aukera dago. 

Bazkaria, baselizan
Hesi batera iristerakoan, ezkerrera egin eta Trinidad Iturgoien baselizara hurbilduko gara. Baselizak euritik babestuta bazkaltzeko aukera ematen duen aterpea dauka.
Trinidad Iturgoien baselizatik zertxobait atzera egin eta ezkerrera egin behar da. Bidegurutzea poste adierazle batez iragarrita dago. Kilo­metro pare batean desnibel txikiko gora eta behera labur batzuk egin ondoren, harrizko hesi luze batera iristen da. Lezaun herriko eremua eta Andia mendizerra babesten duen lehen babesa da. Hesia zeharkatu eta zertxobait au­rre­rago bigarren harrizko he­sia aurkituko dugu. Biga­rren hau zeharkatzerakoan PR-NA183 ibilbidearekin egingo du­gu topo. Bertatik, ezkerrera eginez, Ubagua errekaren ha­ra­netik behera egingo dugu. Ba­soan sartu eta berehala bi­dezidorra pista bihurtzen da. Bide eroso horri jarraituz, jaitsiera luze, baina etzan batetik, ibilbidearen amaiera den Lezaun herrira iristen da. 

LIZARRAGA - TREKU (1.265m) - LEZAUN

- Non kokatzen da: Nafarroan.
- Luzera: 24 km.
- Denbora: 7-8 ordu.
- Desnibel metatua: 400 metro gorantz eta 600 beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta. 
- Mendiriz Mendik urriaren 16an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!