Covitek Hernaniko Institutua salatuko duela iragarri zuen asteburuan: «ustezko delitu batengatik jarriko dugu salaketa, Institutuko 50 adin txikikok ETAko 22 kide omendu zituztelako eskolako patioan, Institutuko instalazioetan».
Kronikak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitz egin zuen atzo, bertsio ofiziala jakin nahian. Azaldu zutenez, Institutuko zuzendaritzak ez zuen kontzentrazioa egingo zenaren berririk: «ez zioten informatu. 3-4 minutuko kontzentrazioa izan zen, errekreo garaian egin zutena. Jabetu zirenean, berehala kendu zituzten jarritako kartel eta argazkiak. Zentroak jakin bezain azkar hartu zituen neurriak; aurretik ez zituen hartu, ez baitzekien».
Hezkuntzako inspektorea Institutuan izan zen astelehenean: «ikastetxe bakoitzari dagokio inspektore bat, eta hartu emana arrunta izaten da, inspektorearen presentzia ohikoa izaten da. Zuzendariarekin bildu zen gertatu zenaren berri izateko. Orain aztertu beharko da zer gertatu den, aurreneko aldia al den; txostena egin eta neurriak hartu behar diren edo ez erabakiko da».
Azkenik, Hezkuntza Sailetik gertatutakoa kritikagarria dela azpimarratu dute: «onartezina da hori patioan egin izana».