Kirol egokituan murgiltzeko aukera izango dute gaur, Astigarragako haurrek; «urritasunak dituzten pertsonen azalean» jartzeko aukera, hain zuzen ere. Kirol egokituaren inguruko sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Udalak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin eta Herri Eskolarekin elkarlanean.
Ikastolako patioan izango dira, arratsaldeko 16:30etatik 18:30etara. Bertan, haur astigartarrek aukera izango dute, jarduera eta jolas ezberdinak probatzeko, urritasuna duten pertsonen tokian jarriz.
Hori izango da helburu nagusia: «urritasun fisikoak edo sentsorialak dituzten pertsonek, egunero bizitzen dituzten egoera eta esperientzietara hurbiltzea», azaldu du Udalak. Horregatik, haur guztiak gonbidatu ditu parte hartzera.