«Aurrezki guztiak erabilita, gurasoekin erdibana erosi nuen lehenengo bizikleta»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 8a, 02:00

- ANARTZ BILBAO LOYOLA -

Terrazan egoteko moduko eguraldia lagun, herriko taberna batean egin dugu Ibon Jau­rrieta Goenagarekin hitzordua. Mutikoak lasaia eta herabea ematen du, eta atsegin hartu gaitu, irribarre zabalez. Bukae­ran aitortuko digunez, lehen elkarrizketa omen du Kronikak egin dion hauxe.

Bizikletan beti; aurten, «jaitsieratan, eta bultzadaka»
«Hogeita bat urte dauzkat egiteko, eta betidanik ibili izan naiz bizikletan, inoiz oso urrutira joan gabe... Aurten arte», aurkeztu digu bere burua. Txi­rrindularia da beraz, baina ez errepidean ibiltzen denetakoa, ezta BTT edo mendiko bizikleta zalea ere, nahiz eta beti mendian aritu. «Jaitsiera egin izan dut beti, eta aurten modalitate berri bat probatu dut, Avalan­che. Honetan, zirkuituak luzeagoak dira, eta banaka jaitsi beharrean kronometroaren aurka, ehun pertsonako  mul­tzoetan denok batera ateratzen gara, bultzadaka», dio barrez.  
Ingelesez Downhill izena hartzen duen kirol hau ez da oso ezaguna gurean. «Astiga­rragan, jendeak ikusten gaitu bizikletekin-eta, baina uste dute saltoetan ibiltzen garela eta listo», onartzen du astigartarrak berak ere; «gure ka­su­an, ahoz aho eta internetez bil­du dugu informazioa, eta ezagutu ditugu lasterketa eta mo­da­li­ta­te ezberdinak han eta hemen, bizikleta ezberdinak...».

«Astigarragan jendeak ikusten gaitu bizikletekin-eta, baina uste dute saltoetan ibiltzen garela, eta listo»

Jaurrieta herriko lagun ba­tekin hasi zen lehiaketetara joaten, Gipuzkoan taldetxo bat sortu zuten arte. Horrela, Eus­kal Herri mailako lasterketetan parte hartu izan dute; 60-70 lehiakide inguru eta denak elkarren ezagun, «mundu hau txikia baita», eta inoiz baita Espainiakoren batean ere, Errioxan-eta.

Euskal Herrian, ohitura gutxi
«Euskal Herrian bada Jaitsiera txapelketa bat, baina pobre xamarra, hiru lasterketa baino ez ditu-eta, Bizkaian bi eta Nafarroan bestea; horrekin moldatu izan gara orain arte. Lehen Gipuzkoan egiten zen bat Hondarribian, baina Jaiz­kibel babestuta dagoenez, de­be­katu egin ziguten».
Zirkuitu kuttunenaz galdetuta, Zallakoa aipatu du, Biz­kaian. «Jaitsieran hirutan le­hia­­tu naiz han, eta guztietan oso ondo pasatu dut, baina hau ere desagertua dago, deforestatu egin zuten-eta». Beraz, lasterketek lehentasunik ez dutenez, egoera ezberdinetara moldatu beharra izan dute. «En­trenatu, adibidez, San Markos inguruan egiten dugu, guk geuk geure kabuz (eta aitzurrekin) egindako zirkuitutan; edo Irunen, han badaude zirkuitu pixka bat hobeak-eta».
Ikastea, norberaren esku
«Jaitsiera probetarako, norberak bere kabuz  ikasten du, igo mendira bizikletarekin eta ahal duzuna eginda, hemen ez dago entrenatzailerik. Baina azkenean beti dago jendea zu baino hobea, askotan herrian bertan, eta saiatzen zara pixka bat eredutzat hartzen. Niri txikitatik asko gustatu zaidana, profesionaletan, Steve Peat da: inspira­tzailea izan da niretzako; justu orain erretiratu da gainera, oso zaharra dago», azaldu digu. Euskerazko Wikipedian sarrera du txirrindulari ingelesak eta, honen arabera... 74an jaioa da!

«Txikitatik, beti aurrezten»
Jaurrietak diseinu grafiko ikas­ketak egin zituen, eta la­nean aritu ondoren, berriro ikasteari emateko asmoa du, «mendiko gida izateko». Beraz, ez da kirolari profesionala, eta «dirua utzi behar, azkenean horrela ibiltzeko. Badago jende profesionala honetan, ez Eus­kal Herrian, baina oso oso oso ona izan behar zara, zaila da, kirol hau ez baitago oso zabaldua. Gure kasuan, badugu laguntza txikiren bat, Mendi Magaletan gure taldeak lortuta, materialari dagokionez batez ere».
Lehenengo bizikleta nola erosi zuen ere ondo gogoan du astigartarrak. «Txikitatik beti dirua aurrezten, gurasoei esaten... Ikusi arte benetan gusta­tzen zaizula. Azkenean, lehenengo bizikleta erdibana erosi nuen gurasoekin, eta aurrezki guztiak utzi nituen hor», dio. Gainera, hurrengoa bere soldatarekin erosi beharko zuela esan zioten... Eta garestiak dira oso. Bi mila euro inguru balio du oinarrizko modeloak, eta hortik 10.000ra arte; aluminiozkoak dira oinarrizkoenak, baina badira karbono edo titaniozko piezak dituztenak ere: «kubierta lodiak erabiltzen dira, tako haundiekin, eta garestiena amortiguazioa da, teknologia asko dute-eta. Ondo dabilenak nabarituko du bizikleta gero eta hobea bada, baina... Basi­koarekin ere molda daiteke».

Abiadura arrisku
Ibon Jaurrietarekin bizikleta jaitsiera bat irudikatu nahi izan dugu, hitzetan azaltzea zaila izango bada ere. Aurrena babesak jantzi ditugu; «kasko integrala eramaten dugu, eta peto zein koilarina ere askotan». Mendian behera hasi gara gero: «ausardia suposa­tzen dut beharko dela, baina bizikletan ez duzu deskontrol sentsaziorik. Hobetzen zoaz pix­kanaka, ziurtasuna eta konfi­antza duzu zeure buruarengan, behar-beharrezkoa dena... Eta gero konpetitibitatea, zeure burua exprimitzen jarraitzeko, topera!».
Bestalde, «fisikoki, hanketan indarra behar da aldapak igotzeko, baita `kaja´ ona izatea ere, erresistentzia. Gu Jai­tsieretatik gatoz, eta Ava­lanche egiteko falta izan zaigu fisikoa. Lasterketa motzak dira, eta hasieratik bukaerara ehuneko ehunean behar duzu gorputza, explosiboa da. Eta teknika ere behar da, kurbetako inertziak, gogor heldu beharra... Bizikleta asko mugitzen baita. Ni korri egitera joaten naiz, neguan normalean gauero, eta udan... Mountain bikearekin mendian gora ibiltzera. Gimnasioa? Ez naiz inoiz gimnasio batera joan», kontatu digu barrez.
Baina zaindu beharreko kontu nagusia abiadura dela onartu digu Jaurrietak: «azke­ne­an, mendian zoazela, ha­rriak eta enborrak direla, lurra bera.... Terrenoaren eta abiaduraren arteko konbinazioan dago arriskua. Munduko txapelketetan 70 kilometro orduko abiadurak hartu izan dira, eta gu 40-50 ingurura iri­tsiko gi­nen; mantsoago zati teknikoetan, zirkuituaren arabera».

Eta arriskua nonahi...
Abiadura bizian, min hartzeko arriskua ere izango da, noski. «Behin besoa ireki nuen eta 38 puntu eman zizkidaten, eta beste behin bizkarrean nahiko golpe larria hartu, azkenean ez zena ezer izan (ospitalera eraman zuten inmobilizatuta). Lepauztaia haustea izaten da ohikoena, abiadura haundian buruz izaten baitira erorketak; baina niri ez zait tokatu», dio irribarrez. Eta etxekoak zer? «Beldur pixka bat pasatzen dute lehiaketetara eta joaten naizenean; ‘kontuz ibili!’ esaten didate. Baina zorionez, beraien babesa izan dut beti».
Arriskuak arrisku, astigartarra ez da kikildu eta mendian behera jarraitzen du. Sekulako kolpeak hartuta ere, kirol honek ‘zerbait’ ematen dionaren seinale: «gauza zaila da, benetan gustatu behar zaizu mina sentituta ere jarraitzeko... Erorketak izatean pentsatzen duzu zein puntura arte arriskatu zaitezkeen, baina urteak joan eta urteak etorri hobe­tzen... Badakizu zertan ari zaren. Bizikleta mendian behera kontrolatzearen sentsazioa oso berezia da. Kontzentrazio haundia eskatzen du, eta adrenalina asko gasta­tzen da; oso adiktiboa dela diote!».

Bere jaitsieren bideoak, interneten ikusgai
Ibon Jaurrieta eta lagunen jai­tsierak ikusgai dituzue interneten, Gnashing With The Bros! egitasmoaren Youtube kanalean; zorabiatzen ez zaretenon­tzako, ikusgarriak dira oso!

«Aurten Avalanche zirkuitu osoa egin nahi nuke»

Ibon Jaurrieta betidanik dabil bizikletan, mendian. Baina orain gutxira arte inoiz parte hartu gabea zen Avalanche izeneko modalitatean. «Txiki­ta­tik ezagutzen nuen Andorran egiten zela lasterketa bat, astigartar batek kontatua, bertara joaten delako urtero. Eta beti eduki dut gogoa joateko. Au­rre­ko urtean probatu nuen eta... erabaki nuen aurten jada erronda guztia egitea, gustatu zitzaidan eta! (barrez)».
Modalitate berri hau, Ava­lanche, Jaitsierakoa baino exigenteagoa da, dirudienez: «zir­kuitu luzeagoak dira, denbora luzeagokoak, ordubeteraino iristen direnak, gutxi gorabehera. Eta froga berez beherantz bada ere, badira igoerak ere, aldapa gorak».
Avalanche zirkuitu edo erronda osoa bost probaz osatua dago (modalitate honetan munduan den txapelketa ba­karra omen da), frantziarrak erdigune eta antolatzaile direla; «beraiek dira nagusi, bai». Iaz Andorran probatu eta jarraitu nahi zuela konturatu ondoren, Jaurrieta berriro itzu­li da bertara aurtengo ekai­nean, Aitor Albizu herrikidearekin, eta guztira Avalanche errondako hiru lasterketatan parte hartu du. «Frantziar Alpeetan, Alpe d’Huezen, eta Italian izan nintzen gero, Cer­vino mendipean; hori izan da azkenekoa. Aitorrek, lan kon­tuengatik, ezin izan du etorri».
Beste bietara ez bada joan, «gehienbat ekonomiagatik» izan da, inskripzioa librea baita. «Bidaia astebetekoa izaten da normalean, edo bost bat egunekoa. Lagunak joaten gara, batzuetan hotela hartzen dugu eta besteetan, aurrekontuaren arabera, lagunen baten edo alokatutako furgonetan, eta bertan lo egin. Finalera, esaterako, ez nintzen joan. Ez zen Europan egin, Reunion uharteetan baizik. Bidaia turistiko moduko bat egiten dute bertara joan nahi duten guztientzako, hamar egunekoa».
Euskal Herritik hamar bat lagunek hartzen du parte Avalanchen, denak ezagunak, eta gainontzekoan Frantzia­tik ez ezik, Suitzatik jende asko joaten da, baita italiar, ingeles eta beste ere. Alpee­tako frogan, gainera, australiar eta estatubatuar piloa agertu zen. «Pixka bat flipatu egin genu­en; gu hemendik joanda ematen zuen munduko beste puntatik gentozela eta... hara, zer ari dira hauek guztiak! Oso jende jatorra da, azkenean denok rollo berean gaude eta ondo moldatzen gara. Hizkun­tzari dagokionez, ingelesez egiten dugu, nik ez baitakit frantsesez», kontatu digu Jaurrietak. Eta ingelesez? «Ez dut sekulako mailarik baina... bai, moldatzen naiz».

«Alpeetako proba da fama gehien duena, eta bi mila lagunetik 179garren gelditu nintzen; hor esan nuen, hurrengo urtean berriro, baina proba guztietara!»

Finalean, hiru probetan
Jaitsiera probetan ez bezala, Avalanchen partehartzaile guz­tiek batera egiten dute lasterketa, eta ez erlojuaren kontra; eta zirkuituan besteen pare ibiltzeko gai zirela frogatu ahal izan dute. «Hirurehun lagunek parte hartu izan dugu, denok batera, eta horrekin flipatu egin genuen. Hasteko, entrenamendu libreak dituzu zirkuitua ezagutzeko, trazadak eta erabakitzeko, baina ezin zara askotan jaitsi asko ez nekatzeko, hurrengo egunean klasifikazio proba duzu-eta. Gero, partehartzaile guztietatik lehe­nengo 100 sailkatuak Europa mailan sartzen dira, eta finaleko bi txanda dituzu bukatzeko».
«Aurreko urtean probatzera joan eta oso gertu izan nintzen Europako maila ho­rre­tan sar­tzetik, espero ez nu­e­na. Eta hain gertu egonda.. aur­ten pixka bat entrenatuta, ‘ka­ja’ eginda joatea erabaki nuen». Baita sailkatzea lortu ere, parte hartutako hiru probetan! Alpeetakoa, esaterako, da­goen mendi bizikletako lehia­keta luzeena da, ordube­te ingurukoa, eta bi milatik gora txirrindulari izan zen bertan. «Fama gehien duena da; pentsatzen nuen ez nuela lortuko Europa­rako mailan sartzea eta joandako bi lagunek lortu genuen. Kilometro­tan ez dakit zehazki zenbatekoa den, baina 3.300 metrotatik 700 metrotara jaisten da (hemen ohiturarik ez dutela-eta, hasieran elurretan ibil­tzea oso berezia izan zela dio Jaurrietak). Finalean topera joan, eta azkenean bi mila lagunetik 179garren gelditu nin­tzen; hor esan nuen, hurren­go urtean berriro, baina guztietara!». Dagoeneko hasi omen da aurrezten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!