«Irabazteko asmoarekin aterako gara. Badakigu liderrak direla eta talde ona daukatela, baina gu ere talde indartsu bezala ikusten gara. Ea irabazi eta beraiengana gerturatzen garen», dio Aritz Lujanbiok, CD Hernaniko Ohorezko Erregionalen taldeko kapitainak.
Anaitasuna liderra hartuko dute Zubipen, gaur arratsaldeko 16:30etan, eta gerturatzeko eskatu diete zaleei: «ea etortzen diren, eskertuko dugu. Asko laguntzen digute eta».
«Kontzentratuta eta intentsitate haundiarekin» atera beharko dute txuri-berdeek, partidu guztiak irabazi dituen taldea menperatzeko.
«Ondo hasi dugu liga; Mutrikun galtzea izan zen pena, ondo jokatu genuen»
Sailkapenaren goiko aldean dago Hernani ere, zazpigarren: «pretenporada ona egin ondoren, ondo hasi dugu liga, aurreneko partidua irabazita, galtzen hasi arren. Mutrikukoa izan zen pena, ondo jokatuta galdu egin genuena. Puntu horiekin gorago egongo ginen», dio Lujanbiok.
Goiko postu horietan sartzea zen helburua, eta momentuz lortu dute: «talde gaztea daukagu, baina ilusioarekin eta borrokatzeko gogoz. Goiko postu horietan sartzea da asmoa. Gero, Gabonak pasata ikusiko dugu non gauden, eta zein izango den gure lehia».
«Konfiantza daukagu gure jokuak eraman gaitzakeela goiko postuetara»
Jokatzeko moduari dagokionez, ideiak garbi dauzka taldeak, kapitainaren ustez: «badakigu nola jokatu nahi dugun, batez ere etxean; eta kanpoan jokatzeko aldatu behar badugu, moldatzen gara. Oso seguru gaude gure jokuarekin, eta konfiantza daukagu joku honek eraman gaitzakeela goiko postu horietara».
Gazteen ilusioa eta kalitatea aipatzen ditu Lujanbiok, taldearen indargune bezala; eta bospasei beterano daudela, kategoria ezagutzen dutenak, eta badakitenak nola jokatu behar den maila honetan.
Emaitzak bakarrik ez, jokua ere ona egin du taldeak, aurreneko lau partiduetan: «momentuz ondo ari gara jokatzen, baina kostatzen ari zaigu golak egiten. Ez dakit beldurra daukagun edo!», dio Lujanbiok. Eta estrategia jokaldietan, falta eta kornerretan, zailago daukate: «altuera falta zaigu, talde txikia daukagu».
Oztopoak oztopo, ordea, gaur irabazi eta sailkapenean gora egitea besterik ez dute txuri-berdeek buruan. Zubipen daukate zita, baita zaleek ere.