Txapela buruan zuela itzuli zen Hernanira Ioritz Arrieta, Aginagatik. Final haundia jokatu zuen Berrobiko Altunarekin, Usurbilgo Santxo eta Arangurenen kontra. Ordubeteko partidua izan zen, luzea bezain ona, eta 22-19ko garaipenarekin lortu zuten ondo merezitako saria.
Partidua parekatua hasi zen, eta 8nako berdinketarekin etorri zen Arrieta eta Altunaren loraldia. Serio jokatu eta 5 tantuko aldearekin jarri ziren aurretik: 15-10. Usurbildarrek ez zuten etsi, eta 19-19 berdintzera iritsi ziren. Azken tanto takada Arrieta eta Altunarena izan zen ordea; agerian geratu zuen Arrieta hernaniarraren inteligentzia. Hernaniarrek aurten irabazi duten laugarren txapela izan da, eta Arrietaren bigarrena.