Bide-heziketa urteroko ikasgaia bihurtu da Hernaniko ikastetxeetan. Haurrek, oinezko eta txirrindulari arduratsuak izaten ikasten dute, herriko udaltzainek gidatuta.
Ikasitakoa praktikara eramateko, berriz, BiziBusa egitasmoa sortu zen lehengo ikasturtean; eskolara bizikletan joateko egitasmoa, hain zuzen, eta bihartik aurrera berriro ere martxan izango da.
Bi ibilbide, 8 urtetik aurrerako ikasleentzat
Oraingoz, Langile eta Urumea ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte egitasmoan, eta bi ibilbide egiten dira: Florida auzotik abiatzen dena bata, eta Osiñaga, Martindegi eta Zikuñagatik abiatzen dena, bestea; 20-25 minutu behar izaten dituzte ibilbideak osatzeko.
12 urte arteko ikasleek hartzen dute parte; 8 eta 12 urte artekoek, gurasorik gabe, baina 8 urtetik beherakoek, gurasoekin.
Kaskoa eraman behar da, eta ikastetxean aldatzeko arropa eduki.
Ohitura osasungarria
Egitasmoak hainbat helburu ditu: haurrak kirola egitera eta ohitura osasungarriak hartzera bultzatu, herriko bide-gorri sarea erabiltzea sustatu, haurrek autonomia landu dezaten lagundu, gurasoei egunero umeak eskolara kotxean eramateko beharra arindu, ikastetxe guztietako ikasleek elkar ezagutzea erraztu, kutsadura gutxitu...
Parte hartzeko, izena eman
Parte-hartzea debaldekoa eta irekia da, baina izena emateko eskatzen dute: 688 87 79 30 edo bizi_on@yahoo.es.