«Goizuetarrek indarra ematen digute etxeko partiduetan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 1a, 02:00

HASI berri duzuen denboral­dian bada aldaketa nagusi bat: aurten 16 talde ariko zarete elkarren kontra. Zertan izanen du honek eragina?
Joan den urtean bigarren mai­lan goi xamar ibili ziren tal­deak igo egin dituzte; beraz denboraldi honetan  talde be­rri asko daude. Egia esan, hasi berri dugu denboraldia eta oraindik ez dugu oso argi zein eragin izanen duen honek, talde berri gehienak ez baititugu ezagutzen.

Talde gehiago izanda, denboraldia ere luzeagoa izanen da. Prest al zaudete lanerako?
Luzeegi egingo zaigunaren bel­durra badugu... Denboraldia goi­zago hasi dugu aurten. Bai­na taldea haunditu egin da, jokalari gehiago animatu dira eta horrek konpentsatuko due­la uste dugu.

Konpetizio bat den arren, orain arteko helburu nagusiena ondo pasatzea izan da. Aurten ere asmo horrekin jarraitzen al duzue?
Guretzako, lehendabiziko gauza, inportanteena, talde giro ona izatea da. Joan den urtean hala izan zen, eta giro on horrek jende berria ekarri du aurten.
Taldekide berriak dituzuela aipatu duzu aurreko bi erantzunetan. Animatu dira beraz herritarrak, Umore Onaren parte izatera.
Bai, hiru baja izan ditugu eta sei kide berri etorri dira.  Beraz jokalari mor­doxka gaude taldean, eta era­baki dugu aurten kon­bo­katoria egitea. Hainbeste partidu izateak au­kera ematen du eta guztiok izango dugu jokatzeko denbora gehiago; joan den urtean baziren partiduak sei-zazpi jokalari joaten ginenak.

Iaz jokalari asko berriak ziren. Horietako asko mantendu dituzue, eta horrek taldeari emango dio esperientzia, ezta?
Lehengo urtean gazte berri as­ko sartu ziren taldean eta hori nabaritu egin zen hasieratik. Denboraldiak aurrera egin ahala nabaria izan zen hobekuntza. Eta aurten hori da helburua, esperientzia hortaz baliatu, jokoa findu eta dinamika horretan jarraitzea.
 
Sailkapenari erreparatuz gero, 11 talderen artean 7garren postuan bukatu zenuten. Aurten, marka hori hobetzeko aukerarik badaukazuela
uste duzu?

Helburua da joan den urtekoa hobetu eta bosgarrenetik gora bukatzea; azken finean lehen­go urtekoa mejoratzea da erron­ka, eta play offetan sartzerik izango bagenu…. Hala ere, aur­ten, denboraldia luze joango de­nez, ez dakite play offak jokatzeko denbo­rarik izanen den. Esan di­gu­tenez akaso lehenda­bizikok sartuko dira…

Eta taldearen indarguneak aipatu beharko bazenitu, zer­tan da fuertea Umore Ona?
Fisikoki nahiko ondo ari gara, ondo ikusten dut taldea; hori lantzen ari gara. Baina be­reziki daukagun giroa da gure indarguneetako bat. Etxeko partiduetan nabaritu egiten da Goizuetan jokatzen dugula. Partidu hauetan indartsu aritzen gara.  

Eta ahulguneak?
Kanpoan jokatzen dugunean gehi­xeago kostatzen zaigu. He­rrikoak gara, bertakoak eta asko ez gara aurretik futbolean aritutakoak; eta hori nabaritu egiten da. Teknikoki badugu zer hobetu...

Etxean izaten duzuen giroa aipatu duzu. Pozik orduan herritarren erantzunarekin.
Noski, beraiek ematen digute etxeko partiduetan indarra. Herritarrak animatu nahi ditugu, Goizuetan jokatzen du­gunetan animatzera gerturatu daitezen.

Jokalariak: Ekaitz Loiarte, Mikel Perurena, Patxi Etxeberria, Ander Apezetxea, MIkel Huizi, Oihan Zugarramurdi, Urko Apezetxea, Eder Aguilar, Iñaki Etxeberria, Iñaki Rodriguez, Xabi Zugarramurdi,Ekaitz Narbarte eta Hodei Lujanbio. Entrenatzailea: Alain Goizueta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!