Gaur da urriko aurreneko eguna, eta horrekin batera, gaur emango zaio hasiera kultur ekintzen agenda berriari. Oso urri kulturala izango dute astigartarrek, gaur hasita. Pello eta otsoa ipuin musikatua eskainiko du Sugar boskoteak Norberto Almandoz musika eskolako areto nagusian. Arratsaldeko 17:30etan izango da hori, eta ateak irekiak izango ditu bertaratu nahi duenarentzat. Sarrera debalde izango da.
Haurrentzat, ekintza asko
Bereziki haurrak, eta familiak, izango dira hilabete honetako protagonista haundienak. Gaurko ekintzarekin hasi, eta ostegunean izango dute hurrengo zita. Orduan, Iraitz Lizarraga ipuin kontalariak Luzia Espiaren istorioa kontatuko die 3 eta 9 urte bitarteko haurrei.
Aurrerago, hilaren 23an, txontxongilo saioa izango da kultur etxean. Eta larunbatero, Izan sagardogile egun batez! tailerra egingo dute Sagardoetxean, familia osoak gozatu ahal izateko.
Bestalde, Xaguxar Aisialdi taldeak garrantzia berezia izango du hilabete honetan. Izan ere, 25 urte bete dituzte, eta hori ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte 2016an zehar. Hilaren 22an izango da Urteurreneko Jaia, baina aurreko asteburuan, ginkana antzeko bat egingo dute familien artean ondo pasatzeko.
Literatura, tailerra eta zine foruma, helduentzat
Helduek ere izango dute zeregina. Datorren astean hasiko den Feminismoa eta Filosofiari buruzko tailerra da aurreneko eskaintza. Asteartean hasiko da, eta hiru egunez landuko du gaia Equala aholkularitzako Elisa Palaciosek.
Literatur solasaldiak beste zita bat dauka hilaren 24an, eta hurrengo egunean, Amama pelikulari buruzko zine foruma antolatu du Harituz elkarteak.
Horrez gain, teknologia berriei buruzko hitzaldia, Ondoko hilobiko tipo hori antzerkia, eta Sagar Uzta Jaiako argazki rallyko sari-banaketa eta argazki erakusketa ere izango dira urrian zehar.
Urriko agenda
1 Pello eta Otsoa. Ipuin musikala. Sugar boskotearen eskutik eta Norberto Almandoz musika eskolak antolatua. Musika eskolan, 17:30etan.
4-11-18 Feminismoa eta Filosofia. Tailer irekia eta doakoa izango da. Equala aholkularitzako Elisa Palacios filosofoak emango du. Kultur etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Gaztelaniaz.
6 Luzia espia. Ipuin kontaketa. Kultur etxean, arratsaldeko 18:00etan, 3-5 urte bitarteko haurrentzat; 18:30etan, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Ipuin kontalaria: Iraitz Lizarraga.
14 IXgarren Sagar Uztako argazki rallyko sariak banatuko dira arratsaldeko 19:00etan, Sagardoetxean. Urriaren 30era arte saritutako argazkiak eta parte-hartzaile bakoitzaren argazki bana egongo dira, ikusgai. Lehiaketako oinarriak: www.sagardoarenlurraldea.com/sagaruzta.
17-26-27-28 KZ Gunea. Urriaren 17an eta 26an dinamizatzailea egongo da 09:00etatik 13:00etara, baita 27an eta 28an, 11:15etatik 13:00etara. Ordenagailuak Gazteen Informazio Guneko ordutegian ere erabili daiteke. Ordutegia: astearte, asteazken, ostegun eta ostiralean, goizez (11:00-13:00), eta asteartean, arratsaldez ere bai (17:30-19:30). Tomas Alba kaleko 13garren zenbakian. Telefonoa: 690 010 823.
19-20 Gurasolagun eta Mintzalagun. Euskera ikasten ari diren astigartarrak eta euskeraz badakitenak elkartu eta euskeraz hitz egiteko egitasmoa.
19 Gurasolagun. Egitasmoaren aurkezpena ikastolako aretoan egingo da arratsaldeko 16:30etan.
19-20 Mintzalagun. Egitasmoaren aurkezpena AEK euskaltegiaren Nabarra Oñatz kaleko lokalean, asteazkenean 09:30etan, eta ostegunean, 18:30etan.
20 Teknologia berriak eta haurtzaroa: Arriskuak eta heziketarako aukerak. Hezkuntza hitzaldia. Ikastolako aretoan, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara. Euskeraz. Antolatzailea: Herri Eskolako Guraso Elkartea, Udalaren babesarekin.
23 Auzokideak. Txontxongiloak. Auzo bateko haur batzuk beren bizitzaren gaineko boterea berreskuratzeko ahaleginean, munduari aurre egiten, diren bezalakoak izateko. Kultur etxean, arratsaldeko 17:00etan. Sarrera: 2,5 euro.
24 Literatur solasaldia. Jorge Carreterok gidatuta, hilabete honetako solasaldia Marguerite Yourcenar idazlearen Memorias de Adriano liburuaren ingurukoa izango da. Liburutegian, arratsaldeko 19:30etan.
25 Zine foruma. Amama. Familia bat, bi mundu. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama. Iraupena: 103 minutu. Solasaldian Asier Altuna zuzendaria izango da. Kultur etxean, 18:00etan. Doan. Antolatzailea: Harituz Elkartea.
29 Ondoko hilobiko tipo hori. Komedia. Aitziber Garmendia eta Iker Galartzarekin. Neskatila pinpirina eta mutilzahar burugogorra. Maila soziokultural ezberdineko bi mundu elkarren alboan, kanposantuan. Neska alargunak senarrari, eta mutilak bere amari hitz egiten dieten bitartean, elkarri egindako irribarre leun bat, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Kultur etxean, iluntzeko 20:00etan. Sarrera: 6 euro.
ERAKUSKETAK
14-30 Argazki erakusketa. IXgarren Sagar Uztako argazki rallyan saritutako argazkiak eta parte-hartzaile bakoitzaren argazki bana egongo dira, ikusgai. Ordutegia: asteartetik larunbatera 11:00-13:30/16:00-19:30, eta igandean, 11:00-13:30. Antolatzailea: Sagardoetxea.
XAGUXAR 25 URTE
5 Urteurreneko elastikoak salgai ikastolako atarian. Arratsaldeko 16:30etatik 18:00ak arte.
15 Familien arteko ginkana, 17:00etan.
22 Urteurreneko jaia: puzgarriak, jumpinga, bazkaria eta dantzaldia.
Informazio zehatza hilabetean zehar Udalaren webgunean edo info@xaguxar.com helbidean.
BESTEAK
- Argazki lehiaketa. Atera argazki bat abesti sexista bati. Gaia: Abesti sexista baten esaldia edo leloa oinarri hartuta, letra horren esanahia argazki batean islatzea. Mailak: 8-17 urte eta 18 urtetik gora. Sariak: Astigarragako dendetan erabiltzeko erosketa-txartelak, helduen mailan 150 eurokoa, eta adingabeen mailan, 120 eurokoa. Aurkezteko epea: azaroaren 6a. Oinarriak: Udalaren webgunean. Antolatzailea: Udaleko Berdintasun saila.
- Izan sagardogile egun batez! Hip Hip Urri! Egitasmoaren barruan, sagar muztioaren elaborazio tailerra eskainiko da familientzat urriko asteburuetan. Sagarrak kizkiarekin bildu, pisoiekin jo, prentsatu eta egindako muztioa dastatu ahal izango da. Larunbatetan, 11:00/12:00/13:00/16:30/17:30/18:30 eta igandeetan, goizez bakarrik. Euskeraz eta gaztelaniaz. Helduek 4 euro eta haurrek, doan. Aurrez erreserba egitea beharrezkoa da: info@sagardoetxea.com.