Asteartetik mugagabeko greban daude Astigarraga Auto enpresako 27 langileak. ELA eta CCOO sindikatuek azaldu dutenez, enpresak desagertze EREa aurkeztea erabaki du, plantilla osoan eragina izango duena. Astigarraga Auto enpresak Renault eta Dacia markako ibilgailuak saldu eta konpontzen ditu. Lantegi honek 30 urte daramazki Astigarragan, eta 27 langilek osatzen dute plantilla.
«Herritarrek jakitea nahi dugu»
ELAk Kronikari azaldu dio langileek herritarrei egoeraren berri eman nahi dietela: «ohar honen bitartez enpresak hartu duen erabakiaren berri eman nahi dute. Enpresak desagertze EREa aurkeztea erabaki du eta horrek esan nahi du lantegia itxi egingo dela».
ELAk prentsa oharrean gogoratu du Astigarraga Auto enpresa Roberto Capdequirena dela, bera dela akzio gehien dituena, eta sozietatearen administratzaile bakarra: «erabaki honekin argi geratu da beste behin, epe motzeko irabaziak nahi dituen enpresari gipuzkoar bat dugula aurrean, eta ez epe luzerako bideragarritasun plan bat egin nahi duen enpresaria. Kontuan izan behar da, momentu honetan kotxeen salmenta gorantz dijoala».
CCOOk informazio falta ere salatu du: «egoera honetara iritsi aurretik, enpresako ordezkari legalek ez diete inongo informaziorik eman langileei. Argi utzi nahi dugu CCOO adi egongo dela, langileak defendatu eta lana mantentzeko borrokan».
Greba, ERE prozesua gelditzeko
CCOO eta ELAk azaldu dute grebaren helburu nagusia dela hasitako ERE prozesua gelditzea. CCOOren esanetan, lantaldea ez dago ados EREaren erabakiarekin, eta negoziazio prozesuan greba hastea erabaki dute: «bi lantegiek hasi dute greba, kontzesionarioak eta tailerrak. Helburua da prozesua gelditzea eta aurrera ez jarraitzea». Bestetik, ELAk gogoratu du greba mugagabea dela: «kontziente dira borroka luzea izango dela, baina lanaren alde ari dira borrokan. Bide honetan gizartearen eta erakunde publikoen laguntza beharrezkoa izango dela ere azaldu dute, bakoitzak ahal duen moduan».
Bide horretan, ELAK dio mobilizazioekin exijitzen dutela: «batetik, zuzendaritzari EREa erretiratzeko, eta beraiekin batera, soluzio bat bilatzeko prozesua abiarazteko. Lantegiaren segida ziurtatuko duen soluzioa, lanaren aldekoa.
Bestetik, egun hauetan lanaren garrantziaz hainbeste hitz egiten duten erakundeei eskatzen diegu, hemen ere inplikatzeko, hau da, Astigarraga Autoko langileen egoerari soluzio bat emateko bidean laguntzeko».