Andre kalea inauguratzeaz gain, emakumeen irudia eta presentzia sinbolikoa aldarrikatzeko proiektua bultzatzu du Hernaniko Kalandria taldeak, Komanditario Berriak egitasmoaren barruan.
Lehengo larunbatean aurkeztu zen emaitza Andre kalean: Ekhiñe, Kandela eta Pantxaren kondaira ezagutzera eman, hiru pertsonaien eta emakumeen omenezko plaka jarri, eta emakume hernaniarrekin egindako ikus-entzunezkoa aurkeztu zen.
Emakumeen ikusgarritasun ezaren kontra
«Gizartetik sortutako artea bultzatzeko plataforma da Komanditario Berriak», Hernaniko Kalandria taldeak azaldu bezala. Duela 20 urte sortu zen kontzeptua Frantzian, eta Euskal Herrian, Artehazia Elkarteak sustatzen du programak.
Hernaniren kasuan, Tabakalerak hartu du parte egitasmoan; 2014an, Kalandria taldea sortu zen Hernanin, eta Haizea Barcenilla arte bitartekariarekin hasi zen lanean, Andre kalea izena abiapuntu hartuta. «Kale izen zehatz horren aldarrikapena egiteaz gain, hiri edo herrietako leku izenak hautatzerakoan erabiltzen diren irizpideak aztertu nahi ziren, generoaren ikuspegitik, eta era berean, emakumeen ikusgarritasun eza salatu».
Izan ere, Andre kalea izenaren inguruan hainbat teoria zeuden, baina ez zegoen informazio nahikorik, Kalandriako kideen arabera. «Argi zegoena zen, kale horretan emakumeak ibiltzen zirela, espazio publikoan presentzia zutela. Baina zergatik ez dakigu? Nola eraiki da historia, presentzia hori ezabatzeko? Zer galtzen du herri batek emakumeen presentzia publikoa ezabatu edo ezkutatzen duenean? Ez da soilik historia galtzen; memoria antzutuz, gaur egunetik berau interpretatzeko gaitasuna eta etorkizuna eraikitzeko aukerak ere galtzen dira. Horrez gain, argi ikusten zen espazio publikoan emakumeen irudia, presentzia sinbolikoa aldarrikatu behar dela: izenak izana du».
«Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, Tabakalerari, Udalari, eta bereziki, proiektuan parte hartu duten emakumeei»
Ikus-entzunekoa eta mitologia berri bat
Hausnarketa hori guztia kontuan hartuta, Kalandria taldeak eskatu zuen artelan bat, Hernanin eta beste testuinguruetan erabili daitekeena, eta «espazioan aztarna, marka bat uzten duena».
Horrela, Haizea Barcenilla arte bitartekariak Sra Polaroiska osatzen duten artistak proposatu zituen artelan hori sortzeko: Alaitz Arenaza eta Maria Ibarretxe. Hortik sortu da, batetik, Tabakaleran ikusgai izan den eta Hernanin lehengo larunbatean ikusi ahal izan zen ikus-entzunekoa. Bertan, Hernaniko 200dik gora emakumek hartu zuten parte grabazioan, eta ahozkotasunean oinarrituta asmatu diren hiru pertsonaia tiporen historia berria kontatu dute, «mitologia berri bat: Ekhiñe, Kandela eta Pantxa. Emakume hernaniarren kemena, indarra, balentria, dibertsioa eta gozamena aldarrikatu nahi ditu».
Ikus-entzunekoa aurkezteaz gain, hiru pertsonaien historioa ezagutzeko aukera izan zen larunbatean, eta Andre kalea 8an sinboloa jarri zen: hiru triangelu. «Boterearen, indar eta energiaren bat-egite eta ahalduntzearen elementu mistikoa. Hauen bidez, emakumeek Hernanin izan duten presentzia aitortu nahi da».
Honekin egitasmoa bukatu dela azaldu du Kalandriak, eta eskerrak eman dizkie «herritarrei, Udalari, Tabakalerari, eta bereziki, proiektuan parte hartu duten emakumeei».