Aurrekontu Partehartzaileen bigarren fasea bukatuta, Zaharren Egoitza hobetzea erabaki dute astigartar gehienek.
Guztira, 204 boto
Aurreneko fasean Udalak proposamenak jaso ondoren, 204 astigartarrek eman dute botoa bigarren fasean, zer egingo den aukeratzeko fasean, hain zuzen.
Udalak jakinarazitako datuen arabera, Zaharren Egoitza hobetzea eskatzen duen proposamenak jaso ditu boto gehien, 88 boto, hain zuzen. Baina bigarrena ez da oso urrun geratu: 83 astigartarrek eman zuten botoa haur parke estalia eraikitzearen alde.
Aldea oso txikia dela ikusita, Udal Gobernuak erabaki du 88.000 euroko partida bi proiektuetara bideratzea. Hala, Zaharren Egoitza hobetuko dute, baita haurrentzako parke estalia egiteko proiektua idatzi ere.
Galtzaurreko zuzendaritzarekin, bilera
Hori horrela, Udaleko ordezkariak datorren astean bilduko dira Galtzaur Jubilatuen Elkarteko zuzendaritzarekin, «hobekuntzak elkarrekin adosteko». Dena den, Udalak dio hainbat proposamen eramango dituela bilerara, hala nola egoitzako hornidura eta altzariak berritzea, edota aire egokitua bezalako egokitze lanak egitea.
Partehartzaileei, eskerrak
Era berean, Udal Gobernuak eskerrak eman nahi dizkie aurrekontu partehartzaileetan botoa eman duten 204 astigartarrei.