«Udazkena izango da gozoa, naturala, hemen izaten dena bezalakoa»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 1a, 02:00

Jakina da euskaldunok eguraldiaren berri izateko dugun zaletasuna. Urtaro aldaketa de­la, tenporak direla... Irailaren 22an hasi zen udazkena, eta iragarri dutenez, «normala» izango da: hegohaizea eta eguraldi barea aurreneko asteetan, eta euri eta freskotasun gehiago abendua gerturatu ahala.

«Udazkena, udazkena izango da»
Tenporek oinarri zientifikorik ez badute ere, asko dira iragarpen metodo honetan fedea du­tenak. Udazkena iragarri zuten tenporak joan den astean izan ziren, irailaren 21ean, 23an eta 24an hain zuzen; eta egun horietako bakoitzak iragartzen du, udazkeneko hilabete ba­koi­tze­an zein eguraldi egingo du­en. 
Pello Zabala da tenporei erreparatzen dien horietako bat, eta  joan den larunbatean honen inguruan aritu zen Euskadi Irratiko Landaberri saioan. Bu­ka­tu berri den udararen errepasoa egin zuen Zabalak bertan: «lau hilabeteak oso lehorrak izan dira, ur eskasekoak. Es­ke­rrak negu erditik udaberrira 900 litro bota zituen!». Udako azken astean nabarmena izan da tenperaturaren beherakada, eta eu­ria eta trumoia ere izan da han eta hemen. Zabalaren esanetan ordea, tenporak hasi ziren egunean, asteazkenean, onera egin zuen nabarmen: «golpetik bu­ka­tu egin ziren zortzi egun horiek, justu tenporen egunean». As­teazkenean eguraldi sa­noa egin zuen, tenperaturak 20 graduak gainditu zituen ordu epelenetan, eta eguzkia izan zen nagusi. Ostiralean lainoak ugaritu egin ziren, eta haizean ere aldaketa etorri zen, iparraldetik sartu baitzen. Eta larunbatean eguraldi bikaina izan zen, eguzkitsua eta beroa. Za­ba­laren esanetan egun horiei erreparatuz gero ikusi daiteke udazkena  nola joango den: «udaz­kena izango da gozoa, naturala, he­men izaten den bezalakoa». Urrian hego haizea es­pero da, eta eguzkiak ere lagunduko du, lehorxeagoa izan­go da. Azarotik aurrera, ostiraleko fronte txiki hori nabarituko da, eta hil honetan gertatu ohi bezala, egun euri­tsuak izango dira. Abendura bidean, negua iritsi ahala, tenperaturek behera egingo dute, nahiz eta eguzkiak lekua izango duen. 

Euskalmet eta Aemeten iragarpenek ere, «udazken normala»
Euskalmetek ere egin du udazkenaren iragarpena: «iragarpen guztiek diote parametro normaleko udazkena izango dela. Tarteka fronteak iritsiko dira, eta azaroan nabarmen feskatuko du. Haizeak hego eki­al­detik eta ipar ekialdetik joko du».
Aemetek dio udazkenak bi aurpegi izango dituela: «Santu Guztien Eguna bitartean giro lehorra izango da, eta handik aurrera euritsua. Urrian hegotik joko du haizeak, eta azaroa euritsua izatea espero da». Tenperaturari dagokionean 15-16 graduen bueltan ibiliko dela azaldu dute Ametetik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!