Natura-turismoa eta familia-turismoa, biak uztartzen ditu, Hernaniko Udalak eta Turismo Sailak osatu duten planak, Eskualdeko Turismo Sailarekin elkarlanean. Laiaren ibilbidea jarri diote izena, eta familia osoarentzako plana da: hartu dute Hernanitik Santa Barbarara igo eta herrira jaisten den bidea dagoeneko markatuta zegoena, eta 11 baliza jarri dituzte, bakoitza ariketa edo jolas batekin.
«Ibilbide honek, batzuei Hernani era atsegin batean ezagutzeko aukera emango die, eta hobeto ezagutzekoa besteei», azaldu zuen Gurutze Amigorena Hernaniko turismo teknikariak; «herriko ingurune naturala bisitatzeaz gain, herriari lotutako hainbat ezaugarri kultural ezagutzeko parada ezin hobea da».
Ibilbidearen liburuxka eta arkatza, turismo puntuan
Horixe izan baita helburua, «Hernaniko kultura eta historia uztartuz, familia osoak egiteko ibilbide bat eta plan bat osatzea», nabarmendu zuen Luis Intxauspe alkateak.
Amigorenak azaldu zuen, edonori dagoela zuzenduta, «baina, batez ere, 6-10 urte dituzten haurren familientzat dago egokituta. Hernanik 11 mendi ibilbide ditu argitaratuta, arrakasta haundikoak. Baina ez dago bereziki familiei zuzendutako ibilbiderik. Beraz, eskaera horri erantzun egoki bat eman nahi dio Udalak, ibilbide didaktikoaren bitartez».
Turismo puntuan Santa Barbarara, eta Plazara buelta
Biteri aurrean hasten da ibilbidea, turismo informazio puntuan. Bertan, Laiaren ibilbidearen liburuxka bat jasoko dute, argibideekin, ariketekin eta maparekin, eta arkatz bat ere bai; puntua itxita dagoenean, Biterin eskuratu daiteke liburuxka. Laiak berak gidatuko ditu herritarrak: «neskatxa hernaniar bat da, istorioa kontatzen duen pertsonaia. Hernaniko txoko batzuk ezagutaraziko ditu edota historiako pasarteak, kuriositateak... kontatu, jokuen bitartez», azaldu zuen Amigorenak.
Eskuineko aldetik igotzen da ibilbidea Santa Barbarara, eta beste aldetik bueltatu Hernanira, Plazan bukatzeko. Eta tartean, 11 baliza horiek, ariketa eta jolasekin; Plazan bertan azkenekoa. Bakoitza dago erlazionatuta, liburuxkako orrialde batekin.
Bi ordu inguruko ibilbidea da, erraza, 200 metroko desnibela daukana.
«Animatu, udazkena garai polita da ibilbidea egiteko»
Ainhoa Amundarainek, eskualdeko turismo teknikariak, nabarmendu zuen «eskari haundia» dagoela natura-turismoa egiteko: «jendeak gero eta gehiago egin nahi ditu mendi ibilbideak, oinez edo bizikletan. Eta honekin erantzuten diogu eskari horri. Ea inguruko herrietako familiak animatzen diren Hernanira etorri eta ibilbidea egitera».
Gonbitea luzatu zien alkateak ere: «garai polita da udazkena, horrelako ibilbideak egin eta disfrutatzeko». Baina garai txarrik ez dago, Laiari segika Santa Barbaran gora joateko: «urte guztian zehar egiteko moduko ibilbidea da», azpimarratu zuten aurkezpenean.