Aurreko asteartean hasi zuten greba mugagabea Astigarraga Autoko 27 langileek, eta ia bi asteko mobilizazioaren ondoren, EREa erretiratzea erabaki du enpresak. Hortaz, greba utzi dute langileek, eta lanera egin zuten buelta atzo. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak prentsa-ohar bitartez.
Bertan azaltzen dutenez, ostegunean jakin zuten berria: «langileriaren borroka izan da erabaki honen detonatzailea. Enpresaren zuzendaritzak ez zuen erantzun sendo hau espero langileen partetik».
Negoziatzen, ostegunera arte
ELAko ordezkariek azaldu dutenez, herenegun berria jaso zuten arte, negoziatzen aritu dira. Gainera, aste honen hasieran ordezkariek azaldu zuten kontsultatzeko epea, 15 egunekoa dena, astebetez luzatzea eskatu zuela enpresak. Eta, beraz, oraingoz, negoziatzen jarraitzen zutela.
Egun batetik bestera, ordea, dena aldatu, eta EREa bertan behera uztea erabaki du enpresak, baina ELAren ustez, berriak izango dituzte epe motzean: «Uste dugu enpresaren asmoak ez direla aldatu, eta juridikoki hobeto prestatu nahi dituztela kaleratzeak. Are gehiago, beraiek onartzen dutenaren arabera, lan egiten dugun pabiloien salmenta dagoeneko egina dago. Gertaera hauek Lan Inspekzioari jakinaraziko dizkiogu, izan ere, iruzur sozial batean egon gaitezke».
«Uste dugu enpresaren asmoak ez direla aldatu, eta juridikoki hobeto prestatu nahi dituztela kaleratzeak»
«Enpresaren asmo txarra agerian geratu da»
ELAren prentsa-oharrean ere azaltzen dute, negoziazioan zeharreko bileretan argi geratu dela enpresak nahi duena: «Enpresaren asmo txarra agerian geratu da; izan ere, kontzesioa (Renault markarena) galdu dutela egia bada ere, egia da baita ere, enpresak duela bi urtetik dakiela, eta ez duela ezer egin beste alternatiba batzuekin enpresa mantentzeko, ezta berriz ere flotarazteko».
Lanera buelta, lanik gabe
Dena den, EREa erretiratuta, atzo egin zuten lanera buelta Astigarraga Autoko 27 langileek. Goizeko 09:00etan azaldu dira enpresan, baina ELAko iturriek jakinarazi dutenez: «lanik ez dagoela konturatu dira. Badirudi enpresak, langileak grebara joango zirela ikusita, ez duela lan gehiago hartu». Hau ere, Lan Inspekzioari jakinaraziko diotela adierazi dute.
Orain egin dute lanera buelta, baina argi daukate: «enpresak ixteko beste planteamendu bat aurkezten badu, grebari ekingo diogu berriro ere, indar gehiagorekin».