Ez du nolanahiko partidua izango bihar Hernanik, errugbiko Ohorezko Mailan. Gernikaren kontra jokatuko dute trikoloreek, Urbietan, eguerdiko 12:00etan. Eta asko izango dute jokoan. Garaipena eta puntuak batetik, noski. Denboraldi honetan estreinatu nahi dute trikoloreek, eta eszenatoki egokiena izan daiteke derbia, horretarako.
Baina bestetik, kontrario zuzen bat izango dute aurrean, eta akaso, oraindik presente edukiko dute aurreko denboraldian gertatutakoa. Bi taldeek eta Pozuelok jokatu zuten permanentzia, zelaian ez ezik, baita epaitegietan ere.
Garaipenik gabe, bi taldeak
Hernanik bezala, Gernikak ere ez du garaipenik oraingoz, eta bi taldeek galdu dituzte aurreneko bi partiduak: bonus puntu bat lortu du Hernanik, eta bi puntu Gernikak. Horrela, elkarren segidan daude sailkapenean, 10garren eta 9garren.
Autobusa, Gernikara joateko
Hernanik deia luzatu die zale guztiei, bihar Gernikara joateko, eta horretarako, autobusa antolatu du; 10:00etan abiatuta, Atsegindegitik. Txartelak Zintzarri tabernan daude salgai, 10 euroan (partiduko sarrera aparte).
Enara Cacho, Europako Txapelketa jokatzeko deituta
Emakumezkoen Amaiur Torneoan, berriz, Gaztediren kontra ariko da Hernani gaur, arratsaldeko 17:30etan, Landaren.
Aurreko asteburuan galdu ondoren, zergatik ez garaipen batekin estreinatu etxean?
Enara Cacho hernaniarrak, gainera, beste zita garrantzitsu bat izango du datorren astetik: Estatuko hamabosteko selekzioak deitu du, urriaren 6tik 15era Europako Txapelketa jokatzeko, Madrilen.