«Albokaren historia berria arrakastatsua da»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 30a, 02:00

Orain 20 bat urte etorri zen Her­nanira Alan Griffin ir­lan­da­rra, eta bertako hainbat mu­sikarirekin, Alboka musika tal­dea sortu zuen. Ez zuen, or­dea, inork alboka jotzen. «Hun­gariako jaialdi batean gal­detu ziguten, eta lotsatu egin ginen! Eta haizezko tresnak jotzen zituena ni nintzenez, alboka ikastea egokitu zi­tzai­dan!».
Orain, berriz, albokarako 333 doinu sortu edota bildu ditu Halfway to Hell liburuan; ezagutzera emateko, Al­bo­ka­ri­en Hernaniko XXIII. To­paketan joko du gaur, 19:30e­tan Biterin, hainbat la­gu­nekin, eta bihar liburua aur­keztuko du, 11:00etan Milagrosan.

Irlandar bat, albokarako doinuak sortzen. Nolatan?
Duela 30-40 urte, alboka berreskuratu zenean, oso errepertorio murritza zegoen. Pixkanaka, albokariei esker, pizten joan da. Orokorrean, festarako musika tresna izan da, eta kalejira, fandango eta arin-arinak egin dira. Baina errepertorioa haunditzen ere hasi zen, eta gogoa neukan ikusteko ea alboka egokitu zi­te­ke­en euskal tradizioko beste errit­mo batzuetara, edo Ir­lan­da, Balkanak, Europa Ipa­rral­dea edo bestelako folkloreetara.

Alboka tradizionala? Edo sol-ekoa?
Kantu guztiak la menorreko al­bo­karako, tradizionalerako egi­nak dira. Muga horrekin egin daitekeena ikusi nahi nuen.

333 kantu egin ahal izatea, ez da gutxi!
Bilduman sartu ditut aurretik Sabin Bi­kandi eta Juan Mari Beltranen liburuetan bildu gabe geratutako Azkueren kantute­gi­ko piezak. Baina liburuaren %90 melodia berriak dira. Eta azken zatiko 30 bat pieza aitzakia dira; euskal narrazio kantuetan in­te­res haundia daukat. Altxor asko daude bertan, nere ustez eze­za­gu­nak direnak herritar eta mu­si­karientzat. Musikarik gabe ja­so­tako batzuk hartu eta musika ja­rri diet, albokarako egokitua.
Eta zenbakia... Obsesio bi­hur­tu zen hau, eta pentsatu nu­en zenbaki altu bat jarriz gero, asetuko nintzela! Gainera, 333, piz­tiaren zenbakiaren erdia: ingelesezko izenburuarekin hitz-jokoa egiteko aukera nuen, AC/DC gogoan... Bromatxo bat!

Urte gutxi dira alboka berreskuratu zela. Liburuak badauka publikorik?
Maitasunez egindako lana da; ez komertziala. Joxan Goiko­e­txea editoreak ere argi zeukan ho­ri, eta liburuak balio badu egun­go albokariek begiratu de­za­ten, bejondeiola! Onartu be­har dena da albokaren historia berria arrakastatsua dela; hiru albokari izatetik, 150era iritsi gara!

Horietako batzuekin joko duzu gaur?
Ezin denak bildu, eta gertuen ditudanak elkartu ditut: Alboka eta Aintzina taldeko batzuk, Beltran, Iosune Marin, Ixiar Jauregi, Haritz Ezeiza... 10 bat!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!