«Nerabeek izango dute protagonismoa»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 29a, 02:00

Orain arte Hernaniko Gazte Txo­koa eral­daketa prozesu ba­te­an mur­gil­du zen lehengo ur­te­an, eta bihar­­tik aurrera ha­si­ko da horren emaitzetako bat nabaritzen: bihar, arra­­tsaldeko 18:00etatik 21:00e­tara Gaztele­kua­ren (Aristizabal 5, behea) irekiera festa egingo da; aurre­ran­tzean, izen hori izango baitu.
Hernaniko Udalak herriko nerabeei zuzentzen dien zer­bi­tzu publiko eta doanekoa da Gaztelekua, 13-17 urte bitarteko herritarrei zuzendutakoa, gaur egun, azken urteotan bezala, Urburu Aisialdi Elkarteak kudeatzen duena, lehiaketa irabazi ondoren.
Udalak Haur eta Gazteria Arloa garatzeko baliabideak indartu zituenean hasi zen eraldaketa. Gaz­te­en beharrak eta nahiak eza­gu­tze­ko lanean aritu dira Garazi Etxarri gaz­te­ria zinegotzia, Udal teknika­ri­ak eta Gazte­lekuko hezitzai­le­ak, eta hausnarketa sakona egin dute 2015-2016 ikastur­te­an. Ondorioz, hainbat alda­keta egin dituzte, eta horie­ta­ko bat izan da, lokala bera be­rri­tzea: «oraindik ez da­go buka­tua, baina dagoeneko espazio gehia­go eta baliabide gehiago lortu ditugu, eta nerabeekin batera, denen artean aldaketa pro­ze­sua bultzatzea espero dugu».

Nerabeak, protagonista
Eraldaketa prozesu honen on­do­rioz, hainbat gauza al­da­tu­ko dira Gaztelekuan, eta hori­e­tako bat izango da era­bil­tzai­le­en adin tartea. DBHko ikas­le­ei, 13-17 urte bitartekoei, pro­ta­gonismoa eman nahi die­te­la azaldu dute Eunate Belegain eta Xabi Ormazabal hezitzaileek.
«Gazte Txokoa bihurtu zen ludoteka moduko bat, gaz­te­txo­entzat. Ondorioz, 6garren mai­lako asko etortzen ziren, eta nerabeak gutxi. Baina orain Gaztelekua izango da; nerabeei protagonismoa eman­go diegu».
Ondorioz, seigarren mai­la­ko gaztetxoen ordutegia mu­ga­tu egin dute 2016-2017 ikas­turterako: asteartetik ostegu­nera, 17:00etatik 18:30e­tara. Nerabeek, aldiz,  zerbitzua za­balik dagoen ordu guztietan parte hartu dezakete.

Kezkak eta beharrak asetu; eta parte-hartzea bultzatu
Era berean, Gaztelekua era­bil­tzeko modua ere aldatu egingo da: «hilero prestatzen genuen egitaraua kendu eta gazteen parte-hartzea sustatuko dugu. Beraiek antolatu, eta guk lagundu egingo diegu».
Izan ere, Gaztelekua ez da lo­­kal soila: «helburua ez da eto­­rri eta egotea. Hau ez da lo­ka­­la, proiektu hezitzailea da. Gaz­teen kezka eta beharrei eran­tzuteko erreferentzia pun­­tua izan nahi dugu. Ez ga­ra guraso edo irakasle, baina bai gertuko helduak, bidelagunak, gurekin elkarbanatu nahi du­tenari erantzuten laguntzeko».
Era berean, lokaletik ate­ra­tzeko ahalegina ere egingo du­tela azpimarratu dute: «nera­beak dauden tokira joango gara. Haien intere­se­tan zen­tra­tu, eta nahi duten ho­ri antolatzen lagundu, bu­le­goan informa­zioa bilatuz, egin nahi duten ekintza edo irteera antolatzen lagunduz...».
Bestalde, gazteekin elkartu nahi duten herriko beste era­gileekin bildu eta koordinazio lanetan aritzeko puntua ere izango da.

Gaztetu Hernanirekin bat
Hau guztia, lotuta dago 2014an Udalak martxan jarritako pro­ze­suarekin. Gaztetu Hernani prozesuaren ondorioz, gazte kontseilua osatu zen, Udalak eta herriko gazteek osatzen dutena. Aldiro biltzen dira, elkarrekin hausnartzeko eta gazteen intereseko proiektu berritzaileak diseinatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!