Gerakineko 40.000 euro, etxez etxeko laguntza zerbitzura gehituta

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 29a, 02:00

Astearteko Plenoan 15 puntu landu zituzten, horietatik gehienak 2016ko aurrekontuaren hainbat kreditu aldaketaren ingurukoak.
Aldaketa guztiak aho batez onartu ziren, eta Isa Sanchez ogasun zinegotziak azalpenak eman zituen, kontu-hartzaileak, aurrekontu aldaketen ondorioz egindako txostenari buruz; «ondorio nagusia da kreditu aldaketen bidez bideratutako gastu igoerek ez dutela baldintzatzen Udalaren finantzen iraunkortasuna».

Aurrekontuan aldaketak, kreditu transferentziengatik eta dirulaguntzei esker
Aurtengo aurrekontuan aldaketak izan dira, kasu batzuetan, teknikariek horrela eskatuta, kreditu transferentziak egin direlako partida batetik bestera, eta beste kasu batzuetan, gehikuntzak izan direlako, dirulaguntzak jasotzeagatik.
Hain zuzen, Ereñotzu Toki Entitate Txikiaren aurrekontua aldatu da, batetik, «47.000 euroko dirulaguntza jaso duelako; 35.000 euro landa bideak berritzeko eta 12.000 euro eskolako inbertsiorako». Bes­tetik, aho batez onartu zen Ereñotzuk daukan gerakina erabiliko duela, Udalari or­daindu eta inbertsio be­rriak egiteko.
Era berean, Udalak ere bi dirulaguntza jaso ditu: «11.000 euro bizikidetza programengatik eta 94.000 euro ikaste­txeetako inbertsioengatik».
Bestalde, aurtengo aurrekontuaren ejekuzioari buruzko informazioa ere eman zuen, eta besteak beste, aipatu zen 1.090.000 euroko gerakina mantentzen dela oraindik.

Gizarte Zerbitzuetako kreditu aldaketa eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, onartuta
Xabier Lertxundi zinegotzi eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako lehendakariak, berriz, azaldu zuen «gerakinetik diru parte bat, 40.782 euro, etxez etxeko laguntza zerbitzuko partidan» sartzeko proposamena, eta aho batez onartu zen. «Er­a­ba­ki honekin, etxez etxeko laguntza zerbitzuan ez da inor geratuko itxaron zerrendan».
Bestalde, Garazi Etxarri zinegotziak azaldu zuen indarkeria matxistaren aurkako protokoloan erakunde desberdinen arteko lankide­tzarako hitzarmena prestatu dela, berrikusketan nabaritutako beharrak betetzeko. Horrela, aho batez onartu zen datozen asteetan hitzarmena sinatzea, Berdintasun Arloa, Gizarte Zerbitzuak, Osaki­de­tza, ertzaintza eta udal­tzain­goa lankidetzan aritzeko.
Azkenik, Hirigintza alorreko hainbat punturi buruz ari­tu ziren; tartean, aho batez onar­tu zen Young Play eremuko jabeekin hitzarmena, bertan hotel bat eraikitzeko eskubidea Udalak izan dezan. Bes­talde, konfiantzazko karguak hiru izatetik bira pasa direla azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak, Hernaniko biztanleria kopuruari hala dagokiolako.

Soinu mapa, Plaza Berri eta kiroldegia, galderetan
Oposizioko kideek hainbat galdera egin zituzten bukaeran: EAJk Plaza Berriko obra eginda ere putzuak agertzen direla azal­du zuen; PSE-EEk soinu ma­pa egina ote dagoen eta kiroldegiko lurrak irristakorra izateari uzteko neurriak hartu diren  gal­detu; eta Po­de­mos-Ahal Du­guk eta EAJk, udaletxeko fatxadan pankartak azaltzearen eran­­tzukizuna norena den galdetu. Luis Intxauspe alkateak eran­tzun zuen proposamenak kontuan hartuko direla, pankartak kentzeko agindua ema­na zegoela eta gainontzekoarekin lanean ari direla. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!