Urtero bezala, aurten irailaren 16tik 22ra ospatu da Europako Mugikortasun Astea. Horren harira, Astigarragako EH Bilduk prentsa-ohar bitartez kritikatu nahi izan du aurten ez dela «ekimen bat bera ere antolatu». Beraien ustez, «EAJ ez da gai izan ezer ere ez antolatzeko».
«Larriena alkate-ordeak, lotsarik gabe, Plenoan esandako gezurrak dira»
EH Bilduren esanetan, «larriena ez da antolatu ez izana. Larriena alkate-ordeak, lotsarik gabe, Plenoan esandako gezurrak dira». Izan ere, diote: «Larunbata goizean (aurrekoan) Udal osoko batzarra izan genuen, eta honen inguruan galdetu genion Udal Gobernuari. Alkate-ordeak Mugikortasun Astea antolatu zuten galdetuta, zehaztasunik gabe, baietz, Mugikortasun Astea garaiz egingo zela ziurtatu zuen».
Baina, EH Bildu kexatzen da: «irailaren 22a pasa da, eta guztiok dakigun bezala, Mugikortasunaren harira ez da ezer egin. Oso larria iruditzen zaigu udal ordezkari batek honelako gai sinpleetan lotsarik gabe gezurretan ibiltzea. Gai sinple honetan honelako gezurrak esaten badituzte, zer esango dute gai garrantzitsu eta estrategikoetan?». Ondorioz, diote: «horregatik, eta enegarren gezurra delako, alkate-ordeak zein bere gobernu kideek, karguan jarraitzeko sinesgarritasunik ez duela uste dugu».
«Udalak mugikortasunaren inguruan egin duen ibilbidearen isla da»
Ildo horretatik, EH Bilduk adierazi du: «Mugikortasun astea ez antolatzea ez da egin den okerrena, baina, azken finean, Udalak mugikortasunaren inguruan egin duen ibilbidearen isla da: Foru Aldundiak A3a kendu, eta Udalak babestu egin du; taxi zerbitzua herrian ia desagertuta dago eta ez da ezer egiten; EH Bildutik Santigomendirako autobus zerbitzua proposatu genuen eta oraindik ez da martxan jarri... Hori bai, sagardotegietara doazenei, astigartar guztion artean autobus zerbitzua ordaindu diegu: ia 15.500€».