Gaixoei ematen zaien zerbitzua hobetzeko asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu zen uztailean Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, osasun-langileen artean informazioa trukatu ahal izateko.
Koordinazio bilera Goizuetan egin dute udaran, Nafarroako eta Gipuzkoako osasun-langileek, hain zuzen, bi probintzietako gaixoen historia klinikoak partekatzeko protokoloak zehazteko. Dagoeneko hasiak dira lanean.
Gaixoari jarraipen hobea, hitzarmenari esker
Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko osasun-laguntzako lankidetza hitzarmena sinatu da, bi probintzietako gaixoen historia klinikoak eta medikuarenera egindako kontsultetan gehitu izan diren txosten medikoak partekatu ahal izateko.
Goizuetako osasun etxean Goizuetako eta Aranoko gaixoak hartzen dira, eta hauek, Donostiako Unibertsitate Ospitalean jasotzen dute arreta espezializatua. Orain arte, ordea, Goizuetako osasun-langileek eskuratu zezaketen informazio bakarra izaten zen txosten medikoetan jasotakoa edo pazienteak ekarritako informazioa. Baina hitzarmenari esker, laguntza mediko espezializatua jasotzen dutenen historia klinikoak ere ikusi ahal izanen dituzte, eta alderantziz; Donostiako Ospitalean edo inguruko zentroetan arreta espezializatua ematen duten langileek, Goizueta eta Aranoko gaixoen historia kliniko osoa ikusi ahal izanen dute.
Honekin, bi herrietako gaixoen segurtasuna eta jarraipen medikoa hobetzea da helburua, eta dagoeneko, hasi dira horrela lan egiten.
Udaran, bilera
Guztia martxan jartzeko, abuztuan Goizuetan bildu ziren bi osasun-zerbitzuetako ordezkariak eta arreta ematen duten osasun langileak: Borja Azaola, Nafarroa Iparraldeko Lehen mailako Arretako zuzendariordea; Jose Javier Etxeberria, Goizuetako medikua; Inmaculada Velez de Mendizabal, Goizuetako erizaina; Ana Bustinduy, Donostialdea ESIko zuzendaria; Ramon Lertxundi, Donostialdea ESIko informazio-sistemen zuzendariordea; Patricia Arbeloa, Osasun Alorreko Informazio Sistemen Zerbitzuko teknikaria; eta Agurne Oronoz, Goizuetako landa-eremuko laguntzarako erizaina.
Besteak beste, bileran zehaztu zuten batak bestearen historia medikoak lortzeko protokoloa. Era berean, sarbidea ahalbidetzen duten sistema informatikoak ezagutu zituzten, eta sortu litezkeen gorabeheren aurrean hartu beharreko neurriak ere adostu zituzten.
Jose Javier Etxeberria goizuetako medikua
«Atzera geratzen ari ginen, eta honek erraztu egiten ditu gauzak»
Goizuetako medikuaren esanetan, hitzarmenari esker «momentuko informazioa jasotzea» lortu da, eta «bidea erraztea».
Indarrean da, dagoeneko, hitzarmena, eta Jose Javier Etxeberria, Goizuetako medikuak azaldutakoaren arabera, «inportantea» izan da, hobekuntza. «Baztan-Bidasoak Irunekin lotu zuen hitzarmena, lehengo urtean, eta orain konexio hori falta zen Goizuetan. Espezialistengana edo ospitalera, Donostiara bidaltzen ditugu gaixoak, eta konexio hori falta zen».
«Papera gero eta gutxiago erabiltzen da»
Etxeberriaren esanetan, «momentuko informazioa jasotzea» eta informazio hori jasotzeko «bidea erraztea» lortu da lankidetza hitzarmen honi esker. «Orain informeak, radiografiak, ekografiak, erresonantziak, analisietako emaitzak... zuzenean ikusteko aukera daukagu. Lehen, paperean bakarrik ikusten genituen. Baina papera gero eta gutxiago erabiltzen da. Dena interneten dago, eta atzera geratzen ari ginen, ezin baikenituen plaka edo erresonantziak ikusi, eta honek erraztu egin ditu gauzak».
Konfidentzialtasuna, bermatua
Era berean, «orain probatzen» ari badira ere, partekatzea modu seguruan egiten dela ziurtatzen du Etxeberriak. «Guretzako momentuko informazioa jasotzea lortu da, eta bideak erraztu egin dira. Izan ere, konfidentzialtasuna dela eta, ezin da informazioa edozein modutara zabaldu. Baina bakoitzak gure pasahitza daukagu».
Goizuetar eta aranoarrentzako «bentaja»
Goizuetakoa, Leitzako Osasun Etxearen barruan dago, «baina guk bentaja daukagu», azaldu du medikuak. «Ia ez dugu inor bidaltzen Iruñeara. Betidanik egondu da Donostiara joateko joera, eta honek erraztu egiten ditu gauzak. Gainera, Hernanik ere anbulatorio bezala funtzionatzen du guretzat».
Bestalde, Aranon ere aurrerapausoa eman dela azaldu du. «Aranon ere kontsulta pasatzen dut astean behin, eta lehenago izan bazen ere, orain ordenagailua paratu da berriro, behin betiko».