Udalak enkantean jarri ditu bi lote, oihan aprobetxamenduak saltzeko. Enkantearen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu du irailaren 7an, eta hurrengo egunean kontatzen hasita, 15 egun naturaleko epea dago proposamenak Udal Idazkaritzan aurkezteko.
Bi lote
Loteetako bat Olajaundi eta beste paraje batzuetan dauden 747 haritz amerikar alek osatzen dute, 1.697 metro kubikotan. PEFC oihan ziurtagiria du, eta matarrasa mozketa modua erabiliko da. Hasierako prezioa, BEZa kanpo, 33.328,15 eurokoa da.
Bigarren lotea osatzen dute hainbat parajetan dauden 3.403 alertze eta insignis pinu alek, 2.449 metro kubikotan. Honek ere PEFC oihan ziurtagiria dauka, eta entresaka mozketa modua. Hasierako prezioa, BEZa kanpo, 38.684,46 eurokoa da.
Zita, parajeak ikusteko
Dagoeneko aurkeztu daitezke proposamenak Udalean, eta Idazkaritzan eskura daude baldintzak. Baina parajeak ikusteko aukera ere emanen du Udalak. Irailaren 19an jarri dute zita, 09:00etan, Herriko Etxeko atarian.