Hainbat aldaketa, festarako betiko grina asetzeko

Kronika - Erredakzioa 2016ko urr. 1a, 02:00

Txupinazoaren aurretik ere, umeen irri alaiak eta musika dantzagarria zabaldu ziren atzo Lizeaga auzoan, eta arratsaldeko 18:00etan bota zuten festei hasiera emateko txupinazoa. Egitaraua osatu duten ekitaldi gehienak, ordea, gaur eta bihar izango dira.

Nor ote, herri-kiroletan abilena?
Bat baino gehiago dira aur­ten­go berrikuntzak, eta horietako bat da, gaurkoan, goizean goizetik izango dela zerekin gozatu.
Hasteko, goizeko 10:00etan marrazki lehiaketa izango da. Auzoari buruzko marrazkiak eskatuko dira. Horrekin ba­tera, umeentzako jolasak eta hamaiketakoa ere izango dira.
Eta eguneko bigarren be­rrikuntza, eguerdiko 12:00etan izango da: bizilagunen artean, herri-kiroletan abilena nor den ikusteko aukera izango da, desafio berezi honetan.
Bestalde, bazkalondo­rene­an kantuan eta jolasean ari­tze­ko tartea izango da, eta me­rien­­da­tzeko garaian, tortilla usain goxoa zabalduko da au­zo­an, tortilla lehiaketarako gu­ti­zi­ak aurkezten dituztenei esker.
Segidan, sagardo dastaketa egingo da, eta gauean, koa­drillen afaria, nork berea eramanda. Musika ere ez da faltako gauean, Boss Music Djren eskutik. 

Kartetan, tabernetan
Baina denak ez dira berri­kun­tzak. Tabernetako karta jo­ko­ek, adibidez, arrakasta izaten dute, eta aurten ere ez dira faltako: gaur, 16:00etan Lizea­ga tabernan musean aritzeko aukera izango da, eta bihar, 23:00etan, Pacheco tabernan, po­kerrean. Izen-ematea txa­pelketak hasi baino 10 minutu lehenago itxiko da.

Adinekoak ere, festan
Bihar, berriz, adinekoak izango dira eguneko aurreneko pro­ta­gonistak: hain zuzen, 11:00etan omenaldia egingo zaie, Sandiusterrin.
Eguerdiko 12:00etan, berriz, ume eta ez hain umeak dibertitzeko moduko ekintzak izango dira; buruhaundiak batetik, eta herri-poteoa bes­tetik, Kolpezblay batukadaren erritmora.
Herri-bazkarian elkartuko dira denak, 14:30etan. Txar­telak salgai daude 10 eurotan, Bodega Riojana, Aitan-Etxe, Pacheco, Lizarra eta Lizeaga tabernetan. Umeentzako burbuila eta pixkaflexia, eta Jon Urbieta DJaren musika izango dira arratsaldean, festak bukatu arte.

Lizeaga auzoa, interneten
Bestalde, festekin zuzeneko loturarik ez badu ere, festak aprobetxatu ditu Gibelalde auzo elkarteak auzoari buruzko web orria aurkezteko: www.gibelalde.com. Bertan bildu dira auzoari buruzko bitxikeriak eta beste hainbat sorpresa... 

FESTETAKO EGITARAUA

GAUR, URRIAK 1, LARUNBATA
10:00 Marrazki lehiaketa (gaia: auzoa), eta umeentzako jolasak eta hamaiketakoa.
12:00 Herri-kirolak auzotarren artean.
16:00 Mus Txapelketa Lizeaga tabernan (izenematea irekita).
16:30 Kantu-jolasak.
18:00 Nahi den erako tortilla lehiaketan parte hartzeko ordu-muga. Guztiek izango dute saria.
18:30 Toka eta bote txapelketak.
19:15 Sagardo dastaketa eta trikitixa.
21:30 Koadrillen afaria (afaria norberak eramanda).
23:00 Poker txapelketa Pacheco tabernan (izenematea irekita).
23:30 Musika, Boss Music DJarekin.   

BIHAR, URRIAK 2, IGANDEA
11:00 Adinekoei omenaldia Sandiusterrin. 
12:00 Buruhaundiak eta herri-poteoa Kolpezblay batukadarekin.
14:30 Herri bazkaria (txartelak salgai 10 eurotan, Bodega Riojana, Aitan-Etxe, Pacheco, Lizarra eta Lizeaga tabernetan).
16:00 Burbuilak eta puxikaflexia umeentzat.
17:15 Musika Jon Urbieta DJarekin.
20:00 Jaien bukaera.

 

Lizeaga 3.0

Bi bilera, auzoaren etorkizuna definitzeko

Bizilagunei Urumean biltzeko deia egin zaie; gaur 19:00etan eta bihar 12:00etan.

Gibelalde, Lizeagako auzo elkartea, eta Hernaniko Udala elkarlanean ari dira, Lizeaga 3.0 parte-hartze prozesuan.
Helburua da auzoaren etor­kizuna ze­haz­tuko duen plan­gintza bat egitea, epe lu­zera, auzoaren hobekun­tza­ra­ko proposamen orokorrak definituko dituena.

Bilera bana, gaur eta bihar
Prozesua RB3 Hiru Berri­kun­tza Integratua en­pre­sa gi­puz­koarrak daramaki aurrera, eta bi fase ditu.
Aurrenekoan, auzoari bu­ruz­ko dokumentazioa bildu eta elkarrizketatk egin zituzten, auzoak dauzkan beharrak diagnostikatzeko.
Orain, bigarrena abiatuko dute; auzotarren parte-har­tzea. Hain zuzen, horretarako aurreneko bi bilerak gaur eta bihar egingo dira: gaur, 19:00etan eta bihar, 12:00etan; biak, Urumea ikastolako patioan.
Honen helburua da auzoa eral­datzeko estrategiak de­nen artean pentsatzea eta ekin­tza zehatz batzuk ga­ra­tzea. Horretarako tailer ge­hia­go ere egingo dira d­a­tozen asteetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!