Osasunarentzako onuragarria den ariketa fisikoa egiteko, etxetik ateratzeko eta lagunartea osatzeko asmoarekin sortu zen Ttapa Ttapa egitasmoa pasa den ikasturtean, eta izandako arrakasta ikusita, berriro ere martxan jarriko da ikasturte honetan.
Hain zuzen, biharkoa izango da ikasturte berriko aurreneko bueltaxka. Goizeko 10:30etan Atsegindegin elkartuta abiatuko dira, eta ohi bezala, hamaiketako goxo batekin bukatuko dute.
Hernanin, bakarrik bizi diren 870 adineko
Egitasmoa adinekoei zuzendutakoa da, eta Udaleko Zerbitzu Sozialek gutunak bidali dizkiete lehengo urtean parte hartu zutenei eta baita bakarrik bizi diren adinekoei ere. Guztira, Hernanin 870 lagun dira bakarrik bizi diren adineko pertsonak, eta «horiek aktibatzeko eta sozializatzeko tresna izan daiteke Ttapa-Ttapa ekimena», Udalak azaldutakoaren arabera.
Iaz, guztira 184 lagunek hartu zuten parte; 123 emakumek eta 61 gizonek, eta saio bakoitzean, batezbeste 82 lagun elkartu ziren. Era berean, boluntarioak ere izaten dira.