Egoera berezian ospatuko dute aurten Karabel Auzoko Eguna bertako bizilagunek. «Auzoa hankaz gora» daukatela diote beraiek, eta diotenez, horregatik ezin izan dute festa luzatu. Izan ere, obrek inguratzen dute auzoa duela hilabete batzuetatik, eta festen kokaleku ziren txokoetako batzuk ezin izango dituzte erabili gaurko festetan.
Dena den, ekintzez betetako egitaraua prestatu dute gaurko, eta festa giroa goizetik gauera arte luzatuko da, auzoko haur parkea kokagune bihurtuta.
Diana goizean, festa lehertzeko
Karabelgo bizilagunentzat ez da oso goiz hasiko eguna, goizeko 10:00etan entzungo baitira Auzo Egunari hasiera emango dion Dianaren aurreneko notak. Horrela, batez ere haurrak esnatzea izango da antolatzaileen helburua, beraientzat bereziki prestatu duten sorpresaren bilaketari 10:45etan ekiteko. Bertan, denek izango dute oparia, ondo pasatzea bada ere!
Segidan, musikaren erritmora hauek ere, bueltaxka egingo dute buruhaundiek, auzoko heldu zein haurrak astinduz.
Tortilla txapelketa eta pailazoak, eguerdian
Baina eguerdi aldera izango da Karabelgo Auzo Eguneko ekintza garrantzitsuena: auzoko tortilla txapelketa. Mimo haundiz eta itxura zainduz egin beharko dituzte tortillak partehartzaileek, saridunetako bat izan nahi badute, behintzat. Beti bezala, aurten ere, txapelketarako bereziki aukeratutako epaimahaiak bi sari banatuko ditu: bata, tortilla goxoena egiten duenari, eta bestea, berezienari. Bi kasutan, opari bera eskuratuko dute: bi pertsonentzat afari bana Urbieta kaleko Latsunbe Tabernan.
Parte hartu nahi duenak, etxean, lasai-lasai, prestatu beharko du tortilla, eta ondoren, 11:45ak aldera Karabelen aurkeztu.
Baina ez hori bakarrik, eguerdian ere, Karabel auzora gerturatuko dira Kiki eta Koko pailazoak, bertako txikienei irribarre bat atera eta auzo guztia dantzan jartzeko asmoz.
Paella, bazkaltzeko
Bazkalorduan, auzotar guztiak elkartuko dira mahaiaren inguruan, beste behin, Paella jate herrikoiaz gozatzeko, baita bazkaldu ondoren dagoen Bingoan kartoi batzuk jokatu eta ondo pasatzeko ere.
Haurrentzako (ez hain txikientzako ere bai) jolasak antolatu dituzte arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta txokolatadarekin bukatuko dira, 19:00etan.
Gauerdian, jaien bukaera
Gauerdian emango zaio bukaera festari, baina horren aurretik DJ Nemusek jarriko du musika, eta zezen suzkoaren aurrean korrika egiteko aukera izango da, gaueko 21:15etan.
KARABELEKO EGUNA
10:00, Diana.
10:45, Sorpresaren bilaketa.
11:30, Buruhaundiak.
12:00, Tortilla txapelketa.
l Tortillak aurkezteko epea 11:45etan bukatuko da.
l Bi sari emango dira: tortilla goxoenari eta berezienari. Sariak izango dira bi lagunentzako afari bana, Latsunbe tabernan.
12:00, Pailazoak: Kiki eta Koko.
14:00, Bazkari herrikoia: paella eta barrikotea.
15:30, Bingo herrikoia.
17:00, Haurrentzako jolasak.
19:00, Txokolatada.
20:30, DJ Nemus.
21:15, Zezen suzkoa.
24:00, Jaiaren amaiera.