Ez zuen amestutako Liga hasiera izan Landarek, atzokoan. Aurreneko partidua zuen Hernanik etxean, baina aukerarik gabe utzi zuen Cisnerosek.
Espero bezain zaila jarri zuten partidua madrildarrek, eta aurreneko kolpea Anartz Elosegik eman zuen arren (3-0), Cisnerosek buelta eman eta zigor kolpe batekin eta bi entsaiorekin zabaldu zuen tartea markagailuan: Iñigo Olaetak lortu zuen aurrenekoa, 20garren minutua baino lehen, eta Sorianok bigarrena, atsedenaldia gertu zela (3-15).
Bigarren zatian ere, punturik lortu ezinda
Hortik aurrera, oso zail jarri ziren gauzak trikoloreentzat, eta punturik lortu ezinda aritu ziren, bigarren zatian ere. Gainera, Hernaniarren erasorako beharra, Cisnerosek aprobetxatu zuen, beste bi entsaiorekin partidua ixteko, azkeneko ordu laurdenean (3-29).
Partidua bukatzear zela lortu zuen Hernanik, Mattin Colladoren eskutik, bere entsaio bakarra. Punturik eta aukerarik gabe bukatu zuten Landareko estreinakoa, trikoloreek.
Datorren asteburuan, Gernika bisitatuko du Hernanik, aurreneko garaipenaren bila.