Hautestontziekin daukate zita gaur hernaniarrek, Eusko Legebiltzarra osatuko duten parlamentariak aukeratzeko. Goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00etara izango dute bozkatzeko aukera, ohiko tokietan: Biterin, Haur Eskolan, Gabriel Zelaian, Langile ikastolako Laubidieta eraikinean, Elizatxo ikastolan, Larramendin, Zikuñagan eta Ereñotzuko Txirrita eskolan. 16 mahai izango dira, eta bakoitzak dagokion tokian eta mahaian eman beharko du bozka. Guztira, 15.332 hernaniar daude deituta gaur, bozka ematera.
25 parlamentari, eta 11 alderdi edo koalizio aukeran
Guztira, 75 parlamentari izango dira, eta horietako 25 aukeratuko dituzte gipuzkoarrek. Horretarako, 11 alderdi edo koalizio izango dituzte aukeran: EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos, Ciudadanos, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Ganemos Euskadi: Si Se Puede, PFyV eta Libertate Nafarra.