«Ez dut mundua konpondu, baina lan honek lagundu dit nire burua pixka bat ezagutzeko»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 24a, 02:00

Aurreko astean inauguratu zenuen Hysteron erakusketa. Zer da Hysteron?
Hysteronek grekeraz umetokia esan nahi du. Argazki hauen inguruan zeuden ideietan pentsatzen ari nintzela aurkitu nuen erreferentzia hori, eta oso egokia iruditu zitzaidan izen hori jasotzeko proiektu honen atzean dauden ideiak, emakumeen harrema­nei bu­ruz­koak.

Orduan, emakumeen aldeko aldarrikapen bat al da?
Erreflexio bat planteatzeko da, galdera bat egiteko: ea zer-nolako harremanak sortzen diren ema­kumeen artean, his­torikoki izan denean kolektibo bat baztertua, zapaldua izan dena; ze egoeratan uzten gai­tuen horrek; eta ze egoera sortzen diren gure artean ego­era erabat desnatura­lizatuta da­goenean, ea sortzen diren elkartasun harremanak, ten­tsionatuta gabiltzan... 
‘Moskeo’ horren inguruan sortutako argazki-lan bat dela esango nuke. Hala ere, batez ere izan da niretzako egin dudan zerbait, nik baneukan ezinegon bat, eta lan honek lagundu dit niri, inkonszi­entean neuzkan sentsazio horiek konszientera ekartzen, izen bat jartzen, zergati bat... esan dezaket, orain lasaiago nagoela: ez dut mundua kon­pondu, baina balio izan dit nire burua pixka bat eza­gutzeko. 

Kamera estenopeikoarekin egiten dituzu zure lanak, baita hau ere. Ze teknika da hori?
Argazkilaritza estenopeikoa da:  itxi daitekeen edozein ontzi hartzen duzu, egiten diozu zu­lo bat, eta orduan, joaten za­ra ilun­peetara, sartzen duzu ma­­terial fotosensiblea potea­ren barruan, ixten duzu ontzia eta kalera joaten zara. Han zer­bait ikus­ten duzunean, zeloa ken-tzen duzu zulotik, eta hor­tik sartzen da argi-izpi bat; pa­per fotografikoak egiten duena da izpi hori jaso. Gero paper ho­ri errebelatzen duzu ilun­petan, eta iru­diaren ne­ga­ti­boa dau­kazu. Te­knika oso pri­mitiboa da ar­gazkiak ate­ra­tze­ko, argazkila­ritzaren hasi­era da. 

Eta zergatik aukeratzen duzu teknika hau?
Betidanik gustatu izan zaida­lako pila bat nire ‘katxarroak’ fabrikatzea; nire txikitako jola­sik gustokoena beti izan da jolasak asmatzea eta egitea. Orduan, ni argazkilaritzarekin nebilen, eta azaldu zidatenean posible zenuela ontzi bat hartu eta kamara bat egin, esan nion nire buruari: «hasi da festa!».
Esan behar dut aitak pila bat la­guntzen didala, ze ba­dau­de gauza kon­plika­tuak: sol­­dadu­rak, engantxeak, etab. Eta gaine­ra, berari ere gusta­tzen za­io, eta biok entrete­nitzen gara.
Hasieran oso kamara sin­pleak egiten nituen, zulo baka­rrekoak; erakusketa honek du­en bereizgarria da, erabilitako ka­ma­rak lau zulo dituela.  Eta zer gertatzen da egiten duzunean ka­­mara bat zulo bat baino ge­hia­gorekin? Zulo  ba­koi­tzak ema­­t­en dizun irudia fu­sio­na­tzen da iskinean ondoko­are­kin, eta orduan sortzen da fusio bat. Kasu honetan, iruditu zitzaidan oso inte­res­garria zela zulo asko­tako latak erabiltzea jen­dearen ar­teko harremana plan­teatzeko.

«’Hysteron’ek grekeraz umetokia esan nahi du»

Erakusketa urriaren 22an itxiko duzu,  baina urriaren 14an  emanaldi berezia eskainiko duzue. Ze lotura dauka emanaldiak erakusketarekin?
Emanaldi hori antolatu dugu erakusketari bizitza pixka bat emateko, ez geratzeagatik 12 koadro estatikoetan, eta baita ere jendeari gerturatzeko koa­droen atzean dauden ideiak. 
Emanaldi horretan parte hartuko dute: testuekin, Gorka Setien eta Danele Sarriugarte; gorputz adierazpena egingo du Txaro Unzillak; eta musikarekin Beñat Iturrioz, Mariano Hurtado eta Aida Torres. 45 minutuko emanaldi bat izango da, oso esperimen­tala, eta hor dauden elementu guztiek erreferentzia egiten diote proiektu honen elemen­tuei: nola egiten den dantza, musika instrumentuak ere ontziekin eginda daude... 
Emanaldia prestatzeko ia urtebete daramagu inprobisa­tzen Biteri kultur etxean. Horre­gatik eskerrak eman nahi diz­kiet ostiralero entsaiatzeko are­to bat uzteagatik. Baita Iparra­girre sagar­dotegiari, ber­tan egin bai­ni­tuen erakus­ketako argaz­kiak.
Hortaz aparte, gauzak ondo badijoaz, egun horretan bertan aurkeztu nahi dugu argitalpen bat lan hauek jasotzen dituena: argazkiak, testua, musika eta Txaro Unzillari erreferentzia egiten dion ilustrazio bat. 250  ale, denak eskuz egiten ari gara!

«250 ale, denak eskuz egiten ari gara!»

Bestalde, astelehenean itxi zen parte hartu duzun beste erakusketa bat: Ur handiak, ur meheak. Danubio eta Urumearen aztarnak. 
Cristina Enea Fundazioak egin zuen deialdi ireki bat sortzaile­entzat Ibaia ez da toki bat izenarekin, beraien errekari buruzko ikus­puntua plazara­tzeko. Nik horre­kin egin nuena izan zen proiektu bat hasi; izan ere, hain gustora ibili nintzen horretan, nirea egin dudala, eta nahiz eta lau koadrorekin kola­boratu, horri heltzeko asmoa daukadala hau bukatzean.
Hor egin dudana da latak errekaren ur azalaren gainean jarri, tripodea uretan sartu eta zuloa ur gainean utzita. Horre­kin, nire erreflexioa izan zen erreka bizirik dagoen zerbait dela, eta nik isladatu nahi nue­na zen errefaren ikus­puntua, zer ikusten duen errekak. 

Eta hemendik aurrera, Urumeako proiektuarekin jarraitzeaz aparte, zein da zure asmoa?
2013an hasi ginen Indiara argazki-bidaiak egiten. Horreta­rako, interneten ikusi nuen posible zela poxpolo kaja ba­tekin ar­gaz­ki kamara bat egi­tea; oso egokia iruditu zitzai­dan, poxpolo kajari karretea jarri diezaio­kezulako, eta posi­ble duzulako argazki bat baino gehiago atera. Orduan, askoz ere komodoagoa da bidaiatzeko, eta karretearen erabilerak au­ke­ra eman zidan kolorearekin lana egiteko. Orduan, aurre­neko proiektutxoa egin dut kolorearekin, baina karrete pila bat dauzkat erre­belatzeko ora­in­­­­­­­­­­dik, Indiara egin ditugun bidaietako argazkiekin. Lan hori suelto daukat, forma eman gabe, baina lana bukatu gabe egonda, erakutsi dudan leku gutxitan oso harrera ona izan du. Iaz, adibidez, Getxo­Pho­ton aukeratu zuten, Euskal He­rri­an dagoen argazki festibal inpor­tanteenetakoan. 
Horrez gain, konturatu naiz jendea harrituta geratzen dela argazkiak egiteko prozesua­rekin, orduan orain hasi naiz gra­ba­tzen, eta dokumentatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!