Bozkatzera deitu dituzte bihar, 15.332 hernaniar eta 4.343 astigartar

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 24a, 02:00

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak biharko egunera aurreratu ditu orain arteko lehendakariak, Iñigo Urkulluk. Guztira, 1.783.414 lagun daude botoa ematera deituta, Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik, 581.020 lagun Gipuzkoan, eta azken hauetatik, 15.332, Hernanin, eta 4.343, Astigarragan.
Bihar goizeko 09:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte izango da aukera, Gas­teiz­ko parlamentua osa­tzen duten 75 ordezkariak eta hurrengo lehendakaria aukeratzeko bo­toa emateko. Pro­bin­tzia ba­koitzean, (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban), 25na legebiltzarkide aukeratuko dira. 

Hamaika alderdi edo koalizio, aukera
Araban eta Bizkaian 12 eta 15 alderdi edo koalizio egongo dira aukeran; Hernani eta Astigarragako hautesleek, be­rriz, Gi­puz­koan aurkeztu diren 11 aukeretako baten alde eman beharko dute botoa.
Hain zuzen, ondorengoak dira 11 alderdi edo koalizioak: EH Bildu, EAJ-PNV, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, C’s, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Ganemos Euskadi: Si Se Puede, PFyV eta Libertad Navarra-Libertate Nafarra.

Hernanin mahaiak jarriko dira: Biterin, Elizatxon, Haur Eskolan, Gabriel Zelaian, Laubidietan, Larramendin, Zikuñagan eta Ereñotzuko Txirritan; Astigarragan, Herri Eskolan.

Alderdi batzuek, gainera, zehaztu dute zein lehendakarigai aurkeztuko duten: Iñigo Urkullu, EAJ-PNVk; Alfonso Alonso, PPk; Idoia Mendia, PSE-EEk; Pili Zabala, Elkarrekin Podemosek; Nicolas de Miguel, Ciudadanosek; Goizane Rodri­guez, PACMAk; eta Ruth Hernandez, Recortes-Cero-Grupo Verdek. Gainontzekoek ez dute aukeraketaren berri eman, oraindik.

Mahaiak, ohiko lekuetan
Botoa ematera deituta dauden herritarrek ohiko mahaiak izango dituzte zabalik.
Hernanin, guztira 16 izango dira: bost, Biterin, 3.170 hauteslerentzako eta beste bost, Haur Eskolan, 3.807 hauteslerentzako; lau, Gabriel Zelaian, 2.617 hauteslerentzako; hiru, Lan­gi­le ikastolako Laubidieta eraikinean (2.152 hautesle); bi, Eli­zatxo ikastolan (1.579); eta bakarra, Larramendin (686 hautesle), Zikuñagan (852 hautesle) eta Ereñotzuko Txirrita eskolan (469 hautesle). 
Astigarragan, berriz, 6 ma­hai jarriko dira; denak, Herri Eskolan. Bozkatzeko gelara iristeko malda haundia dagoenez, nahi duena patiotik sartu daiteke, eta igogailua erabili.

Gipuzkoarrek 11 alderdi edo koalizio dauzkate aukeran: EH Bildu, EAJ-PNV, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, C’s, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Ganemos Euskadi: Si Se Puede, PFyV eta Libertate Nafarra.

Eusko Legebiltzar berria, azaroan
Biharko hauteskunde eguna pasata, botoak kontatu eta Legebiltzarreko kideak aldarrikatzeko epea irekiko da, urriaren 15era arte. Segidan, auzi-errekurtsoetarako tartea irekiko da, eta ondoren, Lege­biltzarra osatzeko epea izango da, azaroaren 12tik 22ra bitartean.

Hauteskundeak pasata, Legebiltzarra osatuko da azaroaren erdialdean, eta bertan aukeratuko da lehendakaria.

Segidan, Legebiltzarreko Gan­­­bera aurrenekoz biltzen da, eta Legebiltzarreko Mahaia osatzen da, presidentea, bi presidenteorde eta bi idazkarirekin.
Mahaia izendatuta, Lege­biltzarreko presidenteak osoko bilkura edo Plenoa deitzen du, Lehen­dakaria aukeratzeko. Bertan, legebiltzar taldeek beren le­hen­dakarigaia aurkezten dute aurrena, eta hauek, Gan­beraren aurrean beren gobernu-programa ezagutzera ematen dute; legebiltzar taldeek ere izaten dute aukera parte hartzeko, segidan.
Guztia bukatuta, botazioa egiten da, lehendakarigaietako bat aukeratzeko. Legebiltzarra osatu eta 60 egunera oraindik Le­hen­dakaririk aukeratuko ez balitz, Ganbera desegin, eta hauteskundeak berriro deituko lirateke.
 

2009-2012ko hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako emaitzak

Azken hauteskundeetako emai­tza orokorrei (EAEkoak) dagokienez, EAJ-PNV alderdiak lortu zituen eserleku gehien; Legebiltza­rre­ko 75 eserlekuetatik, 27 hain zuzen, 2009an baino hiru gutxiago. 
Hurrengo indarra EH Bildu izan zen; 21 eserlekurekin (2009an ez zegoen). PSE-EEk, berriz, 16 eserleku eskuratu zituen; aurrekoan baino 8 gutxiago. PPk ere, 3 eserleku
galdu zituen, eta 10 lortu ditu. UPyDk aurreko legegin­tzaldian lortutako eserleku bakarra mantendu zuen 2012an, eta biharko hauteskundeetan ez da aurkeztu. EB ere, bere horretan, ez da izango bihar, azken hauteskundeetan ordura arte zeukan eserleku bakarra galdu ondoren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!