Harrapazka aritzeko pistetan barrena, buelta

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 24a, 02:00

Pasa dira 75 urte Hernanin azkenekoz Harrapazka Eguna antolatu zela, baina ez da ahanzturan eroriko iñistorra, garoa, iratzea... moztu eta biltzeko egun hura.
Ereñotzuko Auzo Udalak harri buruzko ezagutza eta historia bildu nahi izan ditu Bizimodua auzolanean proiektuaren barruan, eta ibilaldi berezi bat antolatu du gaurko.

Goiz pasa, bideoa eta ibilaldiarekin
Harrapazka Eguna zer zen gogoratu edota ikasteko, goizeko 09:30etan jarri dute zita. Aurrena, ordu erdiko iraupena daukan bideoa jarriko dute, eta Iñaki Sanz-Azkue biologoak azalpenak emango ditu. Hain zuzen, gai honen inguruan bildutako informazioarekin berak egindako erreportajea argitaratu zuen orain bi aste, Kronikak.
Segidan, ibilaldia egingo da, iñistorra mozten zen parajeetan barrena; hasi Akolatik eta Igoin-sasira. Bidean garai hartako testigantzak emango dituzte hainbat lagunek, eta pagoa zegoen lekuan, pago gazte bat landatuko da.
Ibilbidea erraza da, 3,5 kilometrokoa, eta 13:30etarako bukatzea espero da. Gomendio bakarra egin dute antolatzaileek: mendirako arropa eta oinetakoak eramatea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!