Herritarrak epaimahaikide, sagardo hoberena saritzeko

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 24a, 02:00

Antzinako ohiturak berreskuratu eta iaz antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia Gipuzkoako Sagardogileen El­kar­teak, Eusko Jaurla­ritza­re­kin eta Hazi Fundazioarekin el­kar­lanean. Erantzuna ezin hobea zela ikusita, txapelketaren bigarren edizioa antolatu dute aurten. Gaur izango da finala Andoaingo Zumea plazan iluntzeko 20:00etan hasita.

Hernaniko eta Astigarragako 15 sagardotegi, aurten
Guztira Euskal Herriko 36 sa­gardotegik hartuko dute parte aur­tengo edizioan, iaz baino lau sagardotegi gehiagok, eta tar­tean izango dira Her­nani eta Astigarragako 15 sa­gar­dogile: Akarregi, Alberro, Ipa­rragirre, Itxasburu, Larre Gain, Otsua Enea, eta Rufino, Herna­nitik; eta Astarbe, Bere­ziartua, Irigoien, Larrarte,  Li­ze­­aga, Oiar­­bide, Petritegi eta Rezola, Astigarragatik.
Hainbat finalaurreko jokatu dira, aurretik, eta gaur puntuazio altuena duten 12 sagardotegik lehiatuko dute. Eta horien artean erabakiko da irabazlea. 
Iazko aurreneko edizioan, Astigarragako Petritegi sagardotegiak jantzi zuen txapela; garaipena errepikatuko al du?

Herritarrak epaimahaikide bereziak
Gipuzkoako Sagardogileen El­kar­teak azaldu duenez, edonor izan daiteke epaimahaikide, sagardoa gustatzea da baldin­tza bakarra: «orain arte, ohituta egon gara herri askotan egiten diren Sagardo Egun eta txapelketekin, baina txapelketa herrikoia desberdina da». Hortaz, Sagardo Lehiaketara joaten den herritarrak egin behar duen gauza bakarra zera da: «ateratzen dituzten sagardo desberdinak dastatu eta nork bere gustu eta iritziaren arabera nahi duen puntuazioa eman, batetik hamarrera». Elkarteak onartzen du ez dela txapelketa ofiziala, baina dioenez, «aukera ematen du herritar askoren iritzia jakiteko».

Txartelak salgai Andoainen, gaur arte
Gaur iluntzeko finalera joateko, txartelak salgai daude gaur arte Ontza Elkartean, Onda­rreta tabernan eta Txuri Beltz tabernan, 30 euroan. 
Diru horren truke, sagardoaz gain, euskal produktuetan oinarritutako menua dastatuko dute Lehiaketaren muina izan­go diren 200 bat herritarrek: Basatxerri urdaiaz­piko, txo­rizo eta patea, ajoarrieroa Eus­kaber arrautzarekin, Eusko La­beldun hanburgesa, Basa­txerri xolomoburu errea pikilo piperrekin, eta Idiazabal gazta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!