Bertako elikagaiak eta horien ekoizleak ezagutzeko azoka berezia izango da gaur Orona Fundazioak Galarretan daukan Orona Ideo eraikinean. Bertan dago, baita ere, Diametro 200 kafetegi eta jatetxea, eta elkarlanean antolatu dute festa.
«Gaurko azokaren helburua da Diametro 200 kafetegi eta jatetxean egunero erabiltzen ditugun produktuen ekoizleak ezagutaraztea», jakinarazi dute Diametro 200etik. «Hernaniarrei eta Oronako langileei aurkeztu egin nahi dizkiegu hemen jaten dituzten produktuen ekoizleak; aurpegia jarri nahi diegu».
Bertakoa, ekologikoa eta artisaua
Filosofia ondo definitua dauka Diametro 200 jatetxeak, eta horregatik ere antolatu dute gaurko azoka. «Gure filosofiaren berri eman nahi dugu: elikagai guztiak bertakoak izan daitezela nahi dugu, eta ahal izanez gero, ekologikoak. Baina batez ere, artisauak».
Hain zuzen, 10:00etatik 14:30etara jarriko da azoka, eta Diametro 200 kafetegia eta self service-a ere irekita egongo da. Bertan jarriko dute postua ondorengo ekoizleek: Hernaniko Karabeleko ekonekazaritzako etxaldeak; The Loaf-ek (ogia); Behiekok (esnekiak); Lur Lan Baserritarren Elkarteak; Lumagorrik (oilaskoak); Mahalak (esnekiak); Pastas Urrutiak; Pagoak (garagardoa); Lezaunek (ardo ekologikoa); Biok eta Arimasagastik (gazta); Lizeagak, Aldabak, Tolosako Babarrunak; Jakion-ek (kontserbak); Giez Berrik (eztia) eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak.
Dastaketa ere egin ahal izango da: Basatxerriren txerrikia; Diametro 200-en arroz salteatua barazkiekin, eta EkoTaloa-ren taloak, ekologikoki eginak.
Talo ekologikoak, Basatxerriren txerrikia brasan eta Diametro 200en arroz salteatua barazkiekin probatu ahal izango dira.
Hiru hitzaldi, osasuna eta elikagai ekologikoei buruz
Azokaz gain, osasuna eta elikadurari buruzko hiru hitzaldi ere izango dira, debalde. Goizeko 10:00etan, Fernando Fombellida medikuak aholkuak emango ditu menu osasuntsuak osatzeko. Segidan, 11:00etan, Maria Dolores Raygon ingeniari agronomoak elikadura ekologikoaz hitz egingo du. Bukatzeko, 12:30etan, Karabeleko-ko Iker Goikoetxea nekazaritza ingeniaria, Karabeleko proiektuaz ariko da.
Bertsolari hernaniarrak, eta Kalakanen kontzertua
Guztia borobiltzeko, Unai Agirre eta Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarren saioa izango da 13:30etan, eta 14:30etan, Kalakanena.
Ttantta garagardoa
Artistak eta artisauak, ttanttaka
Ttanta garagardoaren aurreneko sorta honek Hernaniko garagardoa eta artistak elkartu ditu. Gaur botila bat erosita, Kalakan taldearen kontzerturako sarrera lortu ahal izango da.
Gaurko bste protagonistetako bat izango da Ttantta garagardoa. Izan ere, bertan egindako garagardoa izateaz gain, bertako artisten lana bultzatzeko sortua izan da, besteak beste.
Etiketak, Ruiz de Eguinok eta Gutierrez Bardek eginak
Bertako artistak eta bertako garagardoa uztartzea da Ttantta garagardoa izenpean sortutako proiektu berri honen helburua; «bi pasio, artea egiteko bi modu uztartzea: garagardogile artisauena eta artistena», diote webgunean. Horrela, merkaturatzen duten sorta bakoitza desberdina izango da, bai itxuran, eta baita garagardoan ere.
Gaurko azokan, Ttantta garagardoaren aurreneko sorta erosi ahal izango da; Horia. Kasu honetan, Hernaniko Basqueland Brewing Project garagardoa izango da, eta etiketak, bi artista hernaniarrek eta tolosar batek eginikoak: Frederic Gutierrez Bardek, Aitor Ruiz de Eguinok eta Iñaki Epeldek. Hurrengo sortan, berriz, argazkilariek egingo dituzte etiketak: Mendi Urruzunok eta Nagore Legarreta eta Marisol Yaben hernaniarrek.
Garagardoarekin, kontzerturako sarrera
Artisten lanarekin uztartzearekin lotuta, gaurkoan, bi eurotan, Ttantta garagardoa erosita, Kalakanen kontzerturako sarrera lortu ahal izango da, 10:30etatik 11:30etara.