ASKI ezaguna den sagardo txapelketa antolatu du aurten ere Kizkia elkarteak. Hamabosgarren edizioa da aurtengoa, eta hiru kanporaketen ostean, dagoeneko iritsi da final haundiko eguna. Asteazkenean izango da jokoan, eguerdiko 13:30etan hasita, Gure Izarra elkartean.
Hogei sagardotegi, hogei sagardo lehian
Kizkia elkarteak azaldu duenez, Gipuzkoan zehar banatuta dauden 20 sagardotegitako sagardoek hartu dute parte lehiaketan: Lizeaga, Petritegi, Alorrenea, Larrarte, Irigoien, Rezola, Oiarbide, Itsasburu, Otsua-Enea, Zabala, Udaira, Baleio, Ordezelai, Eula, Elutxeta, Gaztañaga, Izeta, Begiristain, Kalonje eta Ohiartek. Iraileko hiru asteazkenetan egin dituzte sailkapen probak, eta datorren asteazkeneko finalera pasa dira onenak. Adierazi dutenez, elkarteko kideek joan den urteko metodo bera erabiliko dute puntuak ematerako garaian.