Fase berri batean sartuko da Hernani Erabaki partehartze prozesua. Orain arte, jasotako proposamen guztiak aztertu eta baloratu dituzte Udal teknikariek, eta orain, lehentasunak markatuko dituzte herritarrek. Horretarako, hiru zita jarri dituzte: irailaren 28an Biterin; irailaren 29an Gabriel Zelaian; eta urriaren 4an udaletxeko areto nagusian. Arratsaldeko 18:00etan izango dira hiru saioak.
Lau fase izango ditu aurrekontu partehartzaileen prozesuak, eta hirugarrena izango da hau: «irailaren bukaeran hasi eta urria arte iraungo du, eta aurrera egin duten proposamenak lehenetsiko dira, gero bozketa bidez hautatzeko zein txertatu 2017ko Udal aurrekontuan», azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak.
«666 proposamen jaso ditugu, aurreko urteetan baino askoz ere gehiago»
Alkateak nabarmendu zuen, «gero eta jende gehiagok» hartzen duela parte: «aurten 666 proposamen jaso ditugu, aurreko urteetan baino askoz ere gehiago. Eta horregatik, herritarrak zoriondu nahi ditugu, baina baita Udal teknikariak ere, lan haundia izan dutelako denak aztertu eta baloratzen».
Proposamen guztiak eta bakoitzaren balorazio fitxak, www.hernani.eus web orrian egongo dira ikusgai, astelehenetik aurrera.
«Datozen bi asteotan, lan komunitario garrantzitsua eta polita dugu egiteko»
Arkaitz Martinez de Albenizek, Aztikerreko teknikariak, nabarmendu zuen fase honetan herritarrek erabakiko dutela «Hernanirentzat eta hernaniarrentzat zeintzuk diren proposamen beharrezkoenak. Datozen bi asteotan, lan komunitario garrantzitsua eta polita dugu egiteko. Proposamenen sailkapen bat egitea dagokie herritarrei, eta azken txanpara pasako direnak aukeratzea».
Aurrez markatu zituzten irizpideen arabera egingo dute hori: aurreko urteetan inbertsiorik ez egin izana eremu horretan; eta ingurumena sustatu edo babestea.