«Beste modu batera ibiltzeko ohitura, mugitzeko modu jasangarriagoak» bultzatzea da helburua, asteburu honetan Hernanin antolatu dituzten ekintzetan. Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea ospatuko dute, ostiralean hasi eta igandera arte.
Kirol egokituarekin urteroko zita, hasiera emateko
Eta aurreneko ekintza, ostiralean bertan, kirol egokitua izango da, Koxka elkartearen eskutik. Bederatzigarren urtez egingo dute, «beste ikuspuntu bat aportatzeko, desgaitasunarena», azaldu zuen Begoña Simonek, elkarteko kideak: «helburua da, desgaitasuna duenaren tokian jarri eta esperimentatzea». Proba ezberdinak izango dira, bakoitza desgaitasun batekin lotua, eta puntuatuko dute parte hartzaile bakoitzaren gogoa, sinpatia...
Kike Parrak, bere aldetik, gurasoak animatu nahi izan zituen, haurrekin gerturatu eta haiekin parte hartzera.
Patin Festa, trebe zein hasiberrientzat
Larunbateko zita, Patin Festa izango da, Tilosetan egingo dutena: «erakutsi nahi dugu, patinatzea ez dela jolasa bakarrik, kirol osasuntsu bat ere badela», azaldu zuen Garikoitz Astarbek, CD Hernaniko irristaketa saileko arduradunak.
Patinetan ibilaldia egiteko aukera izango dute, trebatuta daudenek; eta hain trebeak ez direnek eta hasiberriek, jolasak izango dituzte Tilosetan. Gero, modalitate ezberdinetako patin erakustaldiak izango dira bertan, bertako patinatzaileekin eta mundu mailan onenetakoak diren beste bi patinatzailerekin: Ainhoa Galdeano eta Laura Muñoz.
Bizikletak eta bide heziketa, igandeko plana
Eta igandean, bukatzeko, bi zita izango dira: Bizikleta Festa, Plaza Berritik abiatuta; eta Bide Heziketa zirkuitua, Atsegindegin. Bizikleta ibilbidea osatzeko, denak batera abiatuko dira, eta elkarrekin osatuko dute zirkuitua. Tartean, bi ginkana izango dituzte: Zubipe eta Landare arteko parkinean bat, eta Gabriel Zelaian bestea. Mertxe Gomez Agenda 21eko teknikariak azaldu zuen, aurten «laburragoa» egingo dutela, «hauteskunde eguna izanda kotxe mugimendu haundia» izango delako.
Eta Bide Heziketa zirkuituan, erakutsiko dute nola jokatu bideetan, zer egin eta zer ez... Haurrei zuzenduta egongo da.
Bestalde, boluntarioak eskatu dituzte, ekintza ezberdinetan laguntzeko.
Luix Intxauspe alkateak, bere aldetik, eskerrak eman zizkien ekintza desberdinak antolatu dituzten eragileei, eta azaldu zuen, mugitzeko modu jasangarriagoak baliatzeko, azpiegitura egokiak ere behar direla, eta horretarako ere lan egin behar dela.
MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ASTEA
IRAILAK 23, ostirala
17:00-19:30, Kirol egokitua. Atsegindegin.
IRAILAK 24, larunbata
Patin Festa, Tilosetan:
10:30, Patinetan ibilaldia, trebatuenentzat.
11:00, Patin jolasak.
12:30, Modalitate ezberdinetako patin erakustaldiak.
IRAILAK 25, igandea
09:30-11:30, Bizikleta Festa, Plaza Berritik abiatuta.
09:30-11:30, Bide Heziketa zirkuitua, Atsegindegin.