Argazkilaritza landu, eta Wukrorekin senidetza bultzatu. Horiek izango dira argazkilaritza tailerraren oinarriak, Argilun kultur elkarteak antolatuta. Orain hasi eta abendura arte egingo dute, eta 9-12 urteko gaztetxoentzat da; izan kamarekin esperientzia dutenak, edota kamara bat inoiz hartu ez dutenak.
Eli Gorostegik emango du ikastaroa, eta azaldu du, «jokuen bitartez» ikasiko dutela argazkilaritza: «jolasen bidez ikasiko dugu, elkar ezagutuko dugu; tailer parte hartzailea izango da. Eta aldi berean, Wukrorekin senidetza bultzatuko dugu, Wukrorekiko kuriositatea landu...».
Jolasen bidez ikasiko dute, eta tailer parte hartzailea izango da.
Urtarrilean Wukrokoekin, eta martxoan erakusketa
Gero, urtarrilean, Wukrora joango da Gorostegi, eta bertako gaztetxoekin landuko du ikastaro bera, gai berdintsuak landuz: «horrela, bi herrialdeen arteko komunikazioa bultzatuko dugu. Tailer honetatik aterako da, hemengoen Wukro eta hangoen Hernani».
Eta hortik ateratako materialarekin, Hernani eta Wukroko haurrek ateratako argazkiekin, erakusketa jarriko dute martxoan.
Izenematea, zabalik
Parte hartu nahi dutenek, zabalik daukate izena emateko epea: argilunkulturelkartea@ gmail.com helbidera idatzi, edo 688 858 872 telefonora deitu. Gehienez ere, hamar gaztetxoko taldea izango da, eta gehiago apuntatuz gero, zozketa egingo dute. Ikastaroaren egunak eta ordutegia, guztien artean erabakiko dituzte.