Bertako elikagaiekin zita berezia antolatu dute Diametro 200 eta Orona Fundazioak larunbaterako. Elikagaiei eta nutrizioari herritarrek gero eta garrantzia gehiago ematen diotela kontuan hartuta, Gure elikagai azoka egingo dute Orona Ideoko inguruetan, eta goizeko egitaraua prestatu dute azokaren bueltan.
Azoka, ardatz
Goizeko 10:00etan hasiko dira Galarretako ingurua girotzen; ordu horretan irekiko baita azoka, bertakoak edota ekologikoak diren elikagaiekin. Eguerdiko 13:30ak arte izango da erosteko aukera, eta tartean, ez dira ekintzak faltako: haurrentzat jolasak, hainbat dastaketa ezta musika ere.
Azokan izango dira, besteak beste, Ttantta garagadoaren egileak, proiektu berria aurkezten.
Bitartean, hitzaldiak
Kanpoan azoka egon bitartean hiru hitzaldi eskainiko dira Orona Ideoko Zero aretoan.
Aurrenekoa, 10:00etatik aurrera, Fernando Fombedillak eskainiko du, Andoni Luis Adurizekin batera Cocina para vivir liburua idatzi duenak. Berak azalduko du osasuna bakoitzaren eskuetan dagoela, eta menuak osatzeko jarraibideak emango ditu.
Ondoren, 11:00etan, Maria Dolores Raygon Nekazaritza Ekologikoaren Espainiako Elkarteko presidentak, elikadura ekologikoari buruz hitz egingo du.
Eta bukatzeko, Iker Goikoetxeak Karabeleko proiektua aurkeztuko du 12:30etan.
Bertsolariak eta Kalakanen kontzertua, bukatzeko
Egunari bukaera emateko, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariak izango dira, baita Kalakan taldea ere.
Azkeneko hauen kontzertuaz gozatzeko, sarrerak eskuratu beharko dira, 10:30-11:30ak bitartean. Ttantta garagardoaren postuan izango da hori, eta bi eurotan garagardo bat erosten dutenek, doan izango dute horietako sarrera bat.