Euskal Jaiak hasi ziren atzo Hernanin, garai bateko bizimodua ekarri, ezagutarazi eta goraipatzen duen festa, hain zuzen. Helburu horrekin hamaika ekintza egin zituzten atzo, eta gaur sagarraren eta sagardoaren eguna izango da, batez ere, Plazan.
Txistularien diana, hasteko
Goizeko 09:00etan hasiko da gaurko eguna herriko goiztiarrentzat. Orduan egingo du irteera txistularien bandak, Kaxkoan zehar diana joaz.
Ondoren, Plaza izango da festako erdigunea, bertan egingo baitute sagardo dastatzea herriko hainbat sagardotegien laguntzarekin.
Pelota partiduak eta trikitixa txapelketa, bukatzeko
Euskal identitatearekin oso lotuta dauden bi ekintza izango dira protagonistak, festa bukatzeko.
11:30etatik aurrera, pelota partiduak izango dira Tilosetan, bai eskuz baita palaz ere. Eta azkenik, 12:00etan hasita, XIXgarren Trikitixa Txapelketa jokatuko da Plazan.
Bertan izango dira bost hernaniar: Eider Tolosa, Lierni Tolosa, Elaia Diaz, Alazne Balenciaga eta Araitz Elizalde. Baita beste lau herritakoak ere: Azpeitia, Errezil, Aizarnazabal eta Lazkaokoak, hain zuzen.
Txapelketako parte-hartzaile bakoitzak hiru pieza joko ditu: trikitixa, porrusalda, eta fandangoa edo arin-arina. Eta horren arabera erabakiko da nork jantziko duen txapela.
Dena den, parte-hartzaile guztiek etxeratuko dute saria. yy