«Gauza politak egiteko taldea» sortu dutela dio Egoitz Sayar, Mundarroko futbol taldeen aurreneko entrenatzaileak. Izan ere, aurten, bi talde atera dituzte nagusien mailan: Erregional Preferente mailan ariko dena, beti bezala, eta berria, Lehenengo Erregional mailan jokatuko duena.
Gaur bertan hasiko dute denboraldia bi taldeek. Aurrenekoak etxean jokatuko du, gainera, arratsaldeko 16:00etan hasita, EAS 08ren kontra. Bigarren taldeak, berriz, Martutenen jokatuko du, 17:30etan hasita, Amara Berri aurrez aurre duela.
«Gure asmoa da talde bakar bat bezala entrenatzea, taldearen indarra eta identitatea indartzen jarraitzea, nahiz eta gero, bi lehiaketa desberdinetan aritu»
«Klubaren apustua: gazteek jokatzeko aukera izatea»
Aurtengo berrikuntza, beraz, nagusien mailan bi talde ateratzea izan da, Mundarrorentzat. «Iaz, dagoeneko, jokatu ezinean geratu ziren hainbat jokalari», azaldu du Sayarrek. «Eta aurten jubeniletan bukatzen zuten jokalari kopurua ikusita, ezinezkoa zitzaigun guztiei lekua egitea. Horregatik, azkenean lortu dugu bigarren talde bat ateratzea. Klubaren apustu garbia da, gazteek taldean jokatzeko aukera izatea, jubeniletatik haratago».
Hori bai; bi talde, bakoitza maila batean ariko dena, atera arren, bakar bat bezala ariko direla azaldu du Sayarrek. «Gure asmoa da talde bakar bat bezala entrenatzea, taldearen indarra eta identitatea indartzen jarraitzea, nahiz eta gero, bi lehiaketa desberdinetan ariko garen».
Talde gaztea, familia bat bezalakoa
Gauzak horrela, aurtengoa ere talde gaztea izango du Mundarrok, baina sekula baino sendoagoa.
«Iazko oinarritik, talde oso gazte batetik abiatuta, eta jubeniletatik igotako jokalari zein fitxaje pare batekin, aurrerapauso bat eman nahi dugu aurten», dio Sayarrek. «Lehen taldearen egiturak iazkoaren antza haundia dauka: oinarri oso gaztea. Jokalari beteranoenak 24 urte dauzka. Gaztetxoenak, berriz, bigarren taldean abiatuko dira erritmoa hartzeko, baina badira bizpahiru, Liga aurreneko taldearekin hasiko dutenak».
Eta guztia koordinatzen, lau kide ariko dira. Egoitz Sayar bera izango da aurreneko entrenatzailea, eta iaz laguntzaile lanetan aritutako Adur Basurko, berriz, bigarren taldearen arduradun nagusia. Bestalde, Angel Barjacoba atezainen entrenatzaile eta delegatu lanetan ariko da, eta Xabier Aizpurua, taldeko kapitain ohia, bueltan etorri da, laguntzeko.
Bestalde, kapitain berria izango du aurten taldeak: Mikel Gartzia erdilaria. Izan ere, Jon Riosek futbola utzi behar izan du. «Trantsizioa era oso naturalean egin da, gure kapitain ohiak, tamalez, arazo fisiko batzuen ondorioz, ezin izan baitzuen norgehiagoka askorik jokatu. Dena den, gure taldearen isladatzen dute gure kapitain guztiek: familia txiki bat gara, pixkanaka hazten dijoana, eta aurreneko taldera iristen diren guztiek berotasun hori nabaritu dezaten saiatzen gara».
Bi talderekin, sekula baino sendoago
Denboraldi berriari dagokionez, pixkanaka gora egiten jarraitzeko aukerarik ez dutela falta argi ikusten du entrenatzaileak. Aurten, gainera, bi talde osatzerainoko futbolariak dauzkate, eta horrek sendotasuna emango dio Mundarrori, dudarik gabe.
«Duela bi urte, taldearen ardura hartutakoan, ez genuen hasierarik onena izan, baina azkenean, hamargarren bukatu genuen sailkapenean. Arazo haundirik gabe mantendu genuen kategoria, Liga amaiera polit bati esker. Amaiera horren inertzia nabaritu egin zen iazko Liga hasieran, eta nahiz eta zenbait lesiok gauzak zaildu zituzten, seigarren bukatu genuen Liga. Aurten, Gorengo mailan aurrerapauso berri bat eman nahi dugu bigarren taldearen bultzada baliatuta, eta gauza politak egiteko taldea sortu dugula uste dugu. Aspaldi ez gara goiko postuetara iritsi, eta hori da aurtengo asmoa: postu horietatik ahalik eta gertuen egotea, beti ere, gure identitatea errespetatuz; hau da, taldea osatu dezatela behetik datozen gazteek».
Hala ere, «bigarren taldearen helburu nagusia aurreneko taldearen beharrak asetzea izango den arren», ez da helburu bakarra izango. «Lehiaketa txukun bat egiteko prest dagoela uste dugu, kategoria ezezaguna bazaigu ere».