Udalak, Donostiako Kultura Hiriburutzak eta URA Agentziak bat egin dute egun hauetan, Hidrologikak, Ibaitik badiara jardunaldiak antolatzeko.
Horien bueltan, hitzaldi eta tailerrak egin dira, eta horrela sortu dute hezegune berria, Oialumen.
Bestalde, gaur, ibilaldia egingo da Urumea ibaia ezagutzeko, Goizuetan hasi eta Hernani eta Astigarraga pasata, Martutenen bukatu arte. Parte hartzeko izena eman behar zen aurretik.
Hezegunea prest, ura arazteko sistema barne
Paola Sangalli, EFIBeko (Bioteknologia eta Bioekonomia Industrien Europako Foroa) lehendakaria, eta AEIPko (Paisaia Ingeniaritzarako Espainiako Elkartea) kidea, izan da Oialumeko hezegunea sortzeko lanen gidari aritu diren adituetako bat.
Sangallik azaldutakoaren arabera, «Oianumeko ubideak Ergobiara egiten zuen, baina poligonoak egitean desbideratu egin zuten. Hala ere, ondo egin zuten, ez baitzuten estali. Orain, Udalak eta URA Agentziak eskatuta, hezegunea sortu dugu Hernani, Astigarraga eta inguruko hainbat boluntariorekin. Gorotz-kolektorea ere aurkitu dugu gertu, eta horregatik, ura arazteko by-pass bat ere eraiki dugu, landare eta harritxintxarrek ura garbitu dezaten. Espero dugu ahate, anfibio, sorgin-orratz eta abarrak laster bertara gerturatzea, nahiz eta inguruko antzarrek uxatu egingo dituzten, agian!».