«Pilak kargatuta etorriko da jendea, beraz animatu daitezela denak dantza egitera!

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 17a, 02:00

Udaran ere dantzatu nahi izan duenak, aukera zabala izango zuen, festaz festa. Baina erromeria gogoz egongo dira asko, eta ez dute gehiago itxa­ron beharko. Gaur ekingo diote Hernanin, Euskal Jaiak apro­be­txatuz, larunbat arratsalde­tako erromerien sasoiari. Eta beti bezala, Jeiki Hadi taldeak jarriko du erritmoa: Patxi Añor­ga trikitixarekin, Joseba Zabalo panderoan, Agustin Ibañez baterian, eta Itziar Azurmendi musiko esatari lanetan, pau­so­ak markatzen. Añorgarekin hitz egin du Kronikak.

Sasoi berria hasiko duzue gaur. Nola ekingo diozue?
Ba gogo haundiz, egia esan. Bukatu ditugu jaiak, eta berriro erromeriekin martxan jartzeko gogoz gaude.

Euskal Jaietan aurrenekoa; berezia izaten da?
Egun seinalatua da, eta jende gehiago biltzen da. Kanpotik ere etortzen dira, aurreneko erromeria delako gainera, eta oso giro polita sortzen da.
Pentsatzen dut jendea pilak kargatuta etorriko dela, eta be­raz, animatu daitezela de­nak, dantza egitera!

«Gure erromerietan, musikoak jotzen ditugu, dantza motelagoak eta salto eta mugimendu gutxiagokoak; eta horrela, helduak gehiago animatzen dira, baina gazteak gutxi izaten dira».

Urteko zein garaitan animatzen da jende gehien?
Bereziki sagardo garaian, otsaila eta martxoan. Jen­de­tza biltzen da larunbat ho­rietan, eta ederra izaten da. Baina beste egun seinalatuetan ere, Euskal Jaietan bezala, jende asko etortzen da kanpotik.

Garai batean jende gehiago animatuko zen...
Bai bai, lehen edozein jaitan jende asko animatzen zen, erro­merietan dantza egitera. Kale­an egoten ziren denak, eta lotsa gutxiago zeukaten gaine­ra. Orain lotsa gehiago dauka jen­de­ak, eta ondo dantza egi­ten ja­kin gabe, ez dira ani­ma­tzen.

Aldatu dira erromeriak?
Asko aldatu dira, bai. Gure erromerietan, muxikoak jo­tzen ditugu, dantza motela­go­ak eta salto eta mugimendu gu­txia­go­koak; eta horrela, hel­duak ani­matzen dira gehien. Gaz­te­ak, ordea, gutxi izaten dira; estilo mugituagoak nahia­go izaten dituzte...

Zaila al da erromerietan dantza egitea?
Kontrakoa, dantza errazak dira jotzen ditugunak. Fandangoek, arin-arinek, balsek... gaitasun gehiago eskatzen dute. Baina muxikoak errazak dira, dantza berriak dira, desberdinak, eta horrek bultzatu du jendea, ani­matzera.
Gainera, Hernanin erro­me­riak jotzen hasi ginenean, 2013an, erakustaldiak egiten genuen, jendeak ikasteko nola dantzatzen den bakoitza. Orain ez ditugu egiten, datorrenak ezagutzen dituelako dagoe­ne­ko, aurrekoetatik. Eta berriek, ez dakitenek, berehala harra­pa­tzen dute, dantza oso erra­zak dira eta.

«Lehen edozein jaitan jende asko animatzen zen, erromerietan dantza egitera; lotsa gutxiago zeukaten. Orain, ordea, ondo dantza egiten jakin gabe, ez dira animatzen».

Dantza berririk sartzen al duzue tarteka?
Jende gutxiago dagoenean bai, tarteka sartzen ditugu dantza berriak, eta erakustaldia egi­ten dugu, jendeak ikasteko. Baina berriak ere, errazak izaten dira.
Jende asko dagoenean, ordea, eza­gu­nak diren dantzak bakarrik jotzen ditu­gu, erra­zenak. Erromeria normala eskaintzen dugu. Izan ere, horrelakoetan desmadre bat izaten da hain eza­gunak ez direnak jotzea, batzuek ez dutelako azkar harrapatzen.

Zuk, Patxi, zenbat urte daramazkizu trikitixarekin?
Ia bizitza osoa. 12 urterekin hasi nintzen, eta 37 dauzkat. Beraz, 25 urte daramazkit da­goeneko: txapelketetan parte hartzen, irakasle bezala ere bai, erromerietan... Jotzea da gehien gustatzen zaidana, disfrutatu egiten dut taula gainean. Nire bizitza da. Eta aurten, gainera, erreko­no­zi­mendua ere jaso dugu, urte guzti hauetan egindakoagatik: omenaldia ere egin ziguten Irunen, txotx gara­ian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!