Baztan inguruetan murgilduko gaituen ibilbide polita da oraingo honetan egingo duguna; datorren igandean hain justu, irailaren 25ean. Nafarroako ipar aldeko pagadi eta harizti ederren artetik, eta artzaintzan hainbeste urtetan erabili diren goi gailurretako soroetatik igarotzen da bidea: Urkiagako mendatetik Albako harrira, eta hortik Elizondora.
Oso ondo markatutako bidea
Ibilbidea jarraitzea erraza da, GR 11 ibilbideko etapa bat denez oso ongi markatuta baitago, marka zuri gorriez. Desnibel aldetik ere ibilbide erosoa da, desnibel gehiena beheranzko norabidean baita. Pirinioak zeharkatzen dituen GR 11 egiterakoan, ohikoena kontrako noranzkoan egitea da, eta orduan gogorragoa izaten da.
Ibilbide osoa Nafarroako probintziaren barruan egiten da, baina Nafarroa Beherako mugatik hurbil pasatzen denez, Urepele herria kokatuta dagoen Aldude bailara ia osoa ikusteko aukera izango da.
Historiaurreko aztarna ugari, ibilbidean zehar
Ibilbide osoan ugariak dira historiaurreko aztarnak, hala nola menhir eta harrespilak edo cromlechak. Horietatik aipatzekoak hiru dira. Lehena, Lohiluz eta Argintzu gailurtxo harritsuen arteko lepoan dagoen Luurzuko menhirra da. Ia hiru metro ingurukoa da, laukizuzen forma du, eta pena da, baina lurrean erorita dago.
Arluxe inguruan ere beste menhir erori bat dago, Zaho menhirra. Honek ere laukizuzen forma du, eta tamainaz aurrekoaren antzekoa da. Azkena Autrin izeneko menhirra da. Aurrekoa baino txikiagoa da, baina zorionez zutik irauten du.
Ibilbidearen abiapuntua, Urkiagako mendatea
Urkiagako mendatetik irten eta baso barrutik gora egin behar da. Berehala, basoa atzean utzi eta goi soroetara iritsiko gara. Zertxobait gehiago igo eta, pista batetik Enekorri gailurtxora iritsiko gara. Bideari jarraitu, eta pistari jarraituz Otarrabizkarra gailurtxoa igo daiteke. Beste aukera bat, zertxobait errazagoa, pista utzi eta gailurra bere eskuinetik inguratzea da.
Hurrengo bi gailurtxoak bere eskuin aldetik inguratuz, Lohiluz eta Argintzu gailurtxo harritsuen artean dagoen lepotxora hurbilduko gara. Hortik, Borda del Quinto Real izeneko eremura jaitsiko gara.
Zaguako lepotik, Albako harrira
Hemendik aurrera eta tarte luze batean, bidea leundu egiten da eta nahiko laua bihurtzen da, igoera eta jaitsiera txikiekin. Mendi-bizkar zabal eta belartsu batetik barrena Zaguako lepora iritsiko gara. Bertan GR bidea utzi eta ezkerrera eginez Albako harrira igoko gara. Oso laburra da igoera.
Gailurretik Larrabeltzeko harriaren eta Albako harriaren artean dagoen lepora jaitsi, eta GR11ri jarraituz Elizondo aldera jaisten hasi behar da.
Jaitsiera, baso eta zelaietan barrena
Lepoan, bidea basoan sartzen da, eta pagoen itzalpean Turreiko iturrira hurbilduko gara. Hemendik aurrera, basoa atzean utzi eta zelaietatik barrena jaisten da. Urkizta gailurra bere eskuin magaletik inguratu ondoren, Santa Engrazia baselizara iritsiko gara. Bertatik, ordu erdi eskasean gara Elizondon.
Albako harriko gailurretik hasita Elizondoraino, bideak emeki, baina modu jarraian, beti behera egiten du.