«Programa polita eta erakargarria prestatu dugu hernaniar guztientzat, eta denak animatu nahi ditugu, Euskal Jaietan parte hartu eta ondo pasatzera», luzatu du gonbitea Koro Etxeberriak, Hernaniko Udaleko kultur zinegotziak.
Gaur eta bihar ospatuko dituzte Euskal Jaiak herrian, eta mota guztietako ekintzak antolatu dituzte, Udalak eta herriko hainbat elkarte, talde eta eragilek elkarlanean: Kriskitiña dantza taldea, Santa Barbara elkartea, Hernaniko talogileak, San Joan Konpartsa elkartea, Kaxko auzo elkartea, Musika Banda, Txistulari Banda, Hernaniko Sagardogileak eta Pilota kirol elkartea.
Euskal Jaiak, garai bateko bizimodua goraipatzeko
Ostegunean aurkeztu zituzten aurtengo Euskal Jaiak: «identitatea isladatzeko moduak aldatu egin dira, eta gaur egun, beste jaietan ere bermatzen da euskal identitatea, inauterietan eta abar. Baina festa hau berezia da. Garai bateko bizimodua ekartzea da; bizimodu hori ezagutarazi eta goraipatzea. Horretarako antolatzen ditugu Euskal Jaiak», azaldu zuen Etxeberriak.
Kultur zinegotziak eskerrak eman nahi izan zizkien, antolatzen lagundu duten guztiei.
Aziendak eta artoa biltzeko prozesua, Tilosetan
Abeltzain azokak emango die hasiera Euskal Jaiek, eta baserriko lanbideen erakustaldia ere egingo dute, Tilosetan. Xabier Iradik azaldu zuen, badakitela «gero eta sensiblidade haundiagoa» dagoela gizartean, animalien inguruan, «baina baita ere gero eta urrutiago dauzkagula animaliak».
Horregatik, oso interesgarria iruditzen zaie aziendak egun batez herrira gerturatzea, «daukagun altxorra aprobetxatuz», jendeak ezagutzeko animaliak eta haiek zaintzeko modua. Gainera, Iradik nabarmendu zuen, ahalegin berezia egiten dutela, animaliak zaindu eta ondo daudela bermatzeko, herrira eramaten dituztenetik bueltatu arte.
Baserriko lanbideen erakustaldian, berriz, artoa izango da protagonista aurten. Txoko batean, erakutsiko dute nola biltzen den, nolakoa den animaliei artoa emateko prozesua...
«Neskak protagonista izango dira herri kiroletan»
Aurkezpenean nabarmendu zuten beste ekintza, herri kirolak izan ziren. Mertxe Barrenetxea antolatzaileak nabarmendu zuen, emakumeak herri kiroletan hartzen ari diren lekua, «eta maila politarekin gainera». Eta gaurko saioan nabarituko da hori: «neskak izango dira protagonista».
Aizkoran, bi bikote mixto ariko dira, lau aizkolari nafarrekin: Irene Izkue, Maika Aristegi, Iker Vicente eta Ruben Saralegi. «Punta puntakoak dira denak», nabarmendu zuen Barrenetxeak.
Harrijasotzen ere, beste neska bat ariko da; Estitxu Almandoz lesakarra, hain justu.
Musikak eta kantuak tartea, bi egunetan
Euskal Jaietan ere izango dute bere tartea, musikak eta kantuak. Gaur iluntzean eskainiko du kontzertua Hernaniko Musika Bandak, 19:45etan udaletxeko arkupeetan. Bederatzi pieza joko dituzte, Euskal Herriko eta Kolonbiako doinuak, Roberto Pachecoren zuzendaritzapean.
Bihar eguerdian, berriz, kantuan aterako dira Kalez Kale Kantariko kideak, Kantuz, Ozenki eta Goiz Eguzki abesbatzekin eta Hernaniko Txistulari Bandarekin. Plaza Berrin elkartuko dira, eguerdiko 12:00etan.
Eta bihar 12:00etan baita ere, egingo dute XVIII. Gazteen Trikitixa Txapelketa, Plazan. Azpeitia, Errezil, Aizarnazabal eta Lazkaotik etorriko dira jotzera, eta bost hernaniar ere izango dira tartean: Eider eta Lierni Tolosa, Elaia Diaz, Alazne Balenciaga eta Araitz Elizalde. Hiruna pieza joko ditu bikote bakoitzak.
Aurtengo nobedadea, gaur gaueko kontzertua eta berbena
Nobedade bat ere izango da aurten; gaur gauean, hain zuzen ere. 22:00etan hasita Tilosetan, kontzertua eskainiko du Egiaz itsuturik talde hernaniarrak; eta ondoren, berbena ere izango da, Ingo al deu taldearen eskutik.
Euskal jantziak janzteko deia, herritar guztiei
Festa girotzeko, bestalde, antolatzaileek «biziki» gomendatu diete herritar guztiei, euskal jantziak janztea, gaur goizean eta arratsaldean.
Eguraldi txarrarekin, hainbat ekintza Atsegindegin
Azkenik, jakinarazi dute, eguraldi txarra egiten badu, hainbat ekintza Atsegindegira mugituko dituztela.
EUSKAL JAIAK
GAUR, larunbata
10:00, Abeltzain azoka eta baserriko lanbideen erakustaldia, Tilosetan.
11:00, Talo dastatzea, Iturriaga kalean.
11:30, Antzinako jokuak, Tilosetan.
12:00, Txakolin dastatzea, Iturriaga kalean.
12:00, Kalez Kale Kantari, Plaza Berritik abiatuta.
12:30, Erraldoi eta buruhaundiak.
12:30, Herri kirolak, Tilosetako frontoian.
17:00, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea, Plaza Berrin.
18:00, Erromeria Jeiki Hadi taldearekin, Atsegindegin.
19:45, Musika Bandaren emanaldia, Udaletxeko arkupeetan.
22:00, Egiaz itsuturik taldearen kontzertua eta Ingo al deu taldearekin berbena, Tilosetan.
BIHAR, igandea
Sagarra eta Sagardoaren Eguna, Gudarien Plazan
09:00, Diana, Txistulari Bandarekin.
11:00, Sagardo dastatzea, Plazan.
11:30, Pelota partiduak (eskuz eta palaz), Tilosetan.
12:00, XIX. Trikitixa Txapelketa, Gudarien Plazan.
*Antolatzaileek gomendatu dute, euskal jantziak janztea larunbatean, goiz eta arratsalde.